Alavesek finaleko lehen kolpea jo nahi du zaleen aurrean

Gaur jokatuko du Alavesek Levanteren aurkako finaleko lehen partida. Blanco, Sevilla eta Maras ez dira ariko.

Alaveseko Abde Rebbach ostegunean, gola ospatzen. JAIZKI FONTANEDA / EFE.
2023ko ekainaren 11
00:00
Entzun
FUTBOLA. Hiru egun ere ez dira pasatu Alavesek finalerdietan Eibar kaleratu zuenetik. Baina partida hura ahaztu eta finalari aurre egiteko garaia iritsi zaio Luis Garcia Plazaren taldeari. Gaur jokatuko dute Alavesek eta Levantek Lehen Maiara igotzeko bi partidetan lehenengoa, Mendizorrotzan (21:00, Movistar).Bisitariek aise kaleratu zuten Albacete finalerdietan, eta egun bat gehiagoko atsedena izan dute finala prestatzeko. Horrek zentzurik ez duela azpimarratu du arabarren prestatzaileak azken astean.

Abantailarekin iritsi nahi du Alavesek Ciutat de Valenciako partidara. Luis Garcia Plazak argi dauka bertan erabakiko dela bi taldeetako zein igoko den Lehen Mailara, baina ahalik eta markagailu onenarekin iritsi nahi du bertara. Gaurko partidarako, ia jokalari guztiak prest izango ditu prestatzaileak. Abdelkabir Abqar, Alex Balboa eta Jesus Owono haien selekzioekin joatekoak ziren, baina finaleko lehen partidan, behintzat, Alavesekin arituko dira. Antonio Blancok, aldiz, ezingo du jokatu, Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin joango baita. Maras eta Salva Sevilla ere ez dira ariko. Salva Sevillak min hartu zuen Eibarren aurkako partidan, eta bi partidetako batean ere ez du jokatuko.

Levante da aurten Alavesi bi aldiz irabazi dion talde bakarra. Hala ere, Garcia Plazak adierazi du hori «ahaztuta» daukatela:«Bi partidetan hobeak izan ziren, baina horrek ez dauka garrantzirik. Bakoitzaren uneak balio du orain, eta bi taldeak une onean iritsi gara: haiek aise kaleratu dute Albacete, eta guk Eibar bezalako talde on bati irabazi diogu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.