PILOTA. Jokin Altunak neurria hartua dio Joseba Ezkurdiari buruz burukoan. Bi aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta bietan nagusitu da amezketarra: iaz, 22-18 irabazi zion final-laurdenetan, eta 2018an, 22-17, finalerdietan. Etzi, hirugarrenez ariko dira aurrez aurre, Donostian, final-laurdenetan.
Ez batak ez besteak ez dio garrantzirik eman aurreko partidetan gertatutakoari. Lehia «oso gogorra» espero dute biek. «Fisikoki, zezen bat da Joseba, eta edozein tokitatik ematen dio abiadura pilotari. Nik eraman behar dut ekimena; bestela, dantzan ibiliko nau», Altuna III.ak. «Buruz buru aritzeko dohain asko ditu Jokinek: erraz egiten ditu tantoak, eta ia ez du hutsik egiten», Ezkurdiak.
Haien aurretik ariko dira Jose Javier Zabaleta eta Dario Gomez. Zabaletak berdindu egin du buruz burukoan eginiko lanik onena. Baina gehiago nahi du. «Ea partida ona egin, Dario ezustean harrapatu, eta irabazten dudan. Hura da faborito. Iaz erakutsi zuen zertarako gai den».
Final-laurdenak bihar hasiko dira, Idiazabalen (Gipuzkoa). Danel Elezkanok eta Beñat Rezustak jokatuko dute. Atzelariak eskura du bigarrenez finalerdiak jokatzea. «Danel aurrean ni nahasten saiatuko da. Ea aurretik ateratzen dudan. Eta aukera dudanean, aprobetxatzen ahalegindu behar naiz ».
Altuna III.ak bolada ona luzatu nahi du; Ezkurdiak, ordea, eten
Bi aldiz jokatu dute elkarren aurka Buruz Buruko Txapelketan, eta Amezketakoa bietan nagusitu da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu