ZUZENDARIARI

Zer dira algoritmoak, eta zer eragin dute gure bizitzan?

Julian Estevez.
Ingeniaritza informatikoan doktorea.
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Matematika hotzaren diktadura gure artean dago jadanik. Ez bakarrik robot batean mozorroturik, baizik eta gure bizitzan eragiten diguten hainbat software eta arau publikotan. Ziur nago, irakurle hori, algoritmoei buruz gogoeta egiteko denbora uzten badizut, gehiengoak lan, Internet, ordenagailu, software edo burtsari buruz idatziko dudala pentsatuko duzula. Ba, oraingoan ez, sexu indarkeria izango da gaia.

Algoritmo hotz horiek ere sexu-indarkeria kasu bat gertatzen denean erabiltzen diren tresnak dira eta.

2007az geroztik, sexu indarkeria-kasu bat gertatzen denean, poliziak inkesta labur bat betearazten dio biktimari, eta ondoren poliziak berak beste formulario bat betetzen du. Poliziak biktimaren hitza ez du aldagai funtsezkotzat hartzen, zergatik? Bere egoera emozionalak ez omen dio uzten errealitate hutsa adierazten.

Galdera sorta horien ondoren, formula matematiko sinple batekin biktimaren arrisku egoera kalkulatzen da. Hain zuzen, bost arrisku puntuazioetatik bat aukeratzen da sexu erasoa jasandako emakumearentzat: arriskurik ez, arrisku baxua, tarteko arriskua, arrisku altua eta arrisku latza. Sentiberatasunik gabe, matematikaren hoztasunean.

Hori horrela, emakume horren bizia formula matematiko baten menpe gelditzen da, ateratako puntuazioaren arabera babes polizial gehiago edo gutxiago jarriko zaio eta. Formula iraganeko sexu- indarkeria kasuak aztertuta garatu da, pertsonak eta gizartea bera denboran zehar aldagaitzak bagina bezala.

Atentzioa eman beharko liguke formula matematiko bat horrelako gauzak egiteaz arduratzen dela jakiteak. Pertsonen portaera guztiz aurreikusgarria al da? Hala balitz, jada ez legoke aitzakiarik polizaren ordez ordenagailu batek galdetegia bete dezan.

Estatu barruan galdetegi berdintsuak daude polizia talde ezberdinen artean. Esan bezala, luzetik martxan dago bizitza arriskua kalkulatzeko prozedura hori, eta urteak pasatzen dira protokolo horiek aldatu arte. Hala ere, dagoeneko kexak eta ebaluazio akatsak salatu dira. Nola arrazoitu biktimaren lagun eta familiartekoei emakume horrek zaintza poliziala ez izateko arrazoiak algoritmo baten menpe daudela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.