Errusiak bi aste eman ditu gasa errublotan ordaintzeko

Europako Batasuneko herrialdeek ziurtatu dute eurotan pagatuko dutela, kontratuek hori esaten dutelako

Errublo txanponak, euro billete baten gainean. YURI KOCHETKOV / EFE.
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
MOSKU. Itxiko al du Errusiako Europako Batasunera doan gasaren iturria? Hori da orain energiaren merkatuan egiten den galdera nagusia, Vladimir Putinek dekretu baten bidez ohartarazi ondoren atzodanik gasa errublotan ordaindu behar dela. Dekretu horrek dio erosleek bi banku kontu ireki behar dituztela, bata errublotan eta bestea dibisan: dibisekin errubloak erosi behar dituzte, eta horrekin ordaindu. Horrela, kontratuak bete egiten direla eta prezioak errespetatzen direla ziurtatu du Putinek.

Presidentearen adierazpenei ñabardura bat jarri zien atzo Kremlineko bozeramaileak, Dmitri Peskovek: «Orain entregatzen den gasaren ordainketa ez da berehala egin behar [...]: apirilaren bigarren erdian edo maiatzaren hasieran egin behar da».

Errusiako Gobernuaren eskaerei muzin egin diete orain arte EBko herrialdeek. Nabarmendu dutenez, Gazprom esportatzailearekin sinatutako kontratuek esaten dute eurotan ordaindu behar dela gasa, eta kontratu horiei eutsiko dietela ziurtatu dute.

Egoera nahasia da, eta ez dago garbi zer gertatuko den, bi aldeek elkarren beharra dutelako: EBk ezin du aste batetik bestera Errusiako gasarekiko menpekotasuna hautsi, eta haren beharra du hurrengo negurako biltegiak betetzeko. Errusiak, bere aldetik, zaila du EBra bidaltzen duen gasa beste nonbaitera bidaltzeko, eta diruaren beharra du.

Putinen mehatxuen ondorioz, gasaren batez besteko prezioak 103 eurotik 125era egin dute gora azken astean, baina atzo berriro beheranzko bidea hartu zuten, eta arratsaldean 111 euroan zeuden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.