MADRIL. CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak genero indarkeriaren alorrean duen behatokiak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 2.246 salaketa jarri ziren aurtengo hirugarren hiruhilekoan, iazko epe berean baino 566 gehiago: %33,7 ugaritu dira salaketak uda batetik bestera. Igoera bereziki handia izan da Nafarroan: 656 salaketa izan ziren uztailetik irailera, eta 2021eko aldi berean, berriz, 358; hau da, %83,2 igo dira aurten. EAEn, berriz, 1.590 emakumek salatu dute bortizkeria aurtengo udan, eta, iazkoan, %20 gutxiago izan ziren: 1.322.
Biktimen artean, bederatzi adingabe daude: bost EAEn eta lau Nafarroan. Era berean, 374 babes agindu eskatu ziren aurtengo udan epaitegietan, eta horietatik 279 onartu egin zituzten: ia hiru laurden.
Erakunde publikoek egunero dute indarkeria matxistarekin lotutako kasuen berri. Atzo, 39 urteko gizon bat atxilotu zuten Gasteizen, bertara zihoan autobusean emakume bati ukituak egin zizkiolakoan; sexu-eraso delitu bat egotzi diote. Halaber, Donostian gizon baten aurkako epaiketa hasi zen atzo: 2017an alabaren lagun adingabe bati ukituak egitea leporatuta, bost urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak. Gaur ere beste gizon baten aurkako epaiketa abiatuko da Gipuzkoako Epaitegian: igerileku batzuetan hiru adingaberi ukituak egiteaz akusatuta, bederatzi urteko kondena galdegin du fiskalak.
Hegoaldean %33 ugaritu dira genero indarkeriaren salaketak
2.246 salaketa aurkeztu dituzte aurtengo hirugarren hiruhilekoan; Nafarroan, iazkoan baino %83 gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu