Koronabirusa

Inoizko murrizketa handiena petrolioaren ekoizpenean

Munduko produkzioa %23 gutxituko dute; AEBek desblokeatu dute akordioa, bere kuota gehituta

2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
VIENA. Gutxiago behar delako, baina, bereziki, prezioak gehiago amildu ez daitezen. Petrolioaren merkatuan inoiz egin den murrizketarik handiena egitea adostu dute munduko petrolio ekoizleek. Errusiak eta Saudi Arabiak sinatu zuten akordioa ostiralean, eta AEB Amerikako Estatu Batuek eta G20k ontzat eman dute. Horren arabera, guztien artean petrolio hornidura globalaren %23 gutxituko dute, 2018ko urriko datuekin konparatuta: eguneko 10 milioi upel kenduko dituzte. Iaztik, eskaria heren bat jaitsi da, eta horrek eta azken hilabeteetan pilatutako stockak eragin dute prezioen gainbehera; hemezortzi urtean izaniko preziorik merkeena izan du.

30 bat herrialdek parte hartu dute negoziazioetan: LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko kideak —Saudi Arabia buru— eta hor ez dauden beste estatu batzuk; tartean, Errusia. Horiek guztiek LPEE+ aliantza osatzen dute. Hortik kanpo daude AEBak eta beste batzuk, baina elkarrizketei adi egon dira. AEBak dira munduko petrolio ekoizle nagusiak, 15 mbd (milioi upel egunean) produzitzen dituzte; Saudi Arabiak 12 mbd eta Errusiak 11 mbd.

Zalantza zen AEBek murrizketekin bat egingo zuten ala ez, Errusiak eta Iranek hori eskatu baitzuten COVID-19aren krisia hasi aurretik eginiko bileretan. Baina, azkenean, akordioan ez dute eskakizun hori jaso. Dena den, AEBek nabarmen jaitsi dute produkzioa aurten: %10 inguru; Saudi Arabiak eta Errusiak konprometitu direnaren parekoa.

Ostiral goizean bi horiek sinatu zuten aurreakordio bat, baina bileran parte hartu zuten guztien berrespena behar zuten, eta Mexikok ez zuen egin; uko egin zion herrialde guztiek ehuneko bera mozteari. Azkenean, AEBek esku hartu dute negoziazioan. Washington konprometitu da Mexikok merkatutik kendu behar zituen 350.000 upeletatik 250.000 kentzera bere produkziotik, gero «dirutan itzultzeko beharrarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.