KULTUR AZPIEGITURAK. Bilboko Arte Ederren Museoak argitara eman du zentroa handitzeko obra gauzatzeko lizitazioa, Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoek sinatutako Agravitas proiektuaren arabera egingo dena. Orotara, 29,5 milioi euroko aurrekontua izango dute lanek —hasieran aurreikusitakoa baino %9,5 gehiago—, eta esleitzen direnetik aurrera 22 hilabeteko epea ezarri dute horiek amaitzeko.
Miguel Zugaza museoko zuzendariak atzo eman zituen argibideak, eta azaldu zuen lizitazioa hainbat hilabetez atzeratu behar izan dutela, 1945. eta 1970. urteetako eraikinak suteen aurkako egungo neurrietara egokitzeko, Bilboko Udaleko Babes Zibileko zerbitzuen eskakizunak betetzeko. Bestalde, museoak jakinarazi du Batzorde Betearazleak bere egin duela proiektuaren aholkulari den Krean ingeniaritzak aurkeztutako irizpidea, zeinak gomendatzen duen aurrekontuan ehuneko gehigarri bat sartzea, «eraikuntza sektorearen egungo egoerak ekarritako prezioen gorakadaren ondorioz». Horren guztiaren ondorioz igoko litzateke aurrekontua %9,5. Eskaintzak aurkezteko epea maiatzaren 19an amaituko da.
Lanetarako aurreikusitako egutegiaren arabera, uztailetik aurrera eraikin modernoa jendearentzat itxiko dute, eta erakusketak eraikin zaharrera eramango dituzte, obrak egiteko tarterik luzeenean museoa partzialki irekita izateko asmoz.
Bilboko Arte Ederren museoa handitzea, %9,5 garestiago
Lanak esleitzeko bidean jarri dituzte; 29,5 milioi eurokoa da aurrekontua, aurreikusi baino 3,6 milioi euro gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu