ABRAk uzta berria aurkeztu du eta ardorik onenak saritu ditu

Hiruna sari jaso dituzte Eguren Ugarte eta Hermanos Frias del Val upategiek merkaturatutako ardoek

Guardiako mahasti batzuk, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
BILAR. ABRA Arabako Errioxako upategi eta mahastizainen elkarteak iazko ardorik onenak saritu zituen atzo, urtero moduan. Bilarren (Araba) egindako ekitaldian aurtengo uztaren berri ere eman zuen Saul Gil elkarteko presidenteak. Ardogileez, mahastizainez eta elkarteko kideez gain, hantxe izan zen Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Bittor Oroz Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien sailburuordea ere.

Kazetariek eta ostalariek emandako sariak banatu zituzten, batetik, eta elkarteak berak emandakoak, bestetik. Ardo zurietara eta beltzetara mugatu zen sari banaketa.

Guardiako Eguren Ugarte upategiak merkaturatutako ardoek hiru sari jaso zituzten, eta beste hiru Villabuenako Hermanos Frias del Val upategikoek. Sari bana jaso zuten, aldiz, Mañuetako Altun eta Dominio Berzal upategietako ardoek. Aipamen berezia jaso zuen Samaniegoko Remirez de Ganuza upategiak, halaber.

ABRA elkartea Arabako Errioxako 109 upategi eta mahastizainek osatzen dute. Elkarteari izena aldatzea erabaki zuten bazkideek orain hilabete batzuk; Euskadi izena hartu zuten, ABE Euskadiko Upategien Elkartea izateko. Zeresan eta ika-mika handia eragin zuen izen aldaketak, eta, besteak beste, Gonzalez ahaldun nagusia bera erabaki horren aurka azaldu zen, baita Eusko Jaurlaritza ere. Bigarren bozketa bat egin zuten elkarteko kideek orduan, eta berriz ABRA izatea ebatzi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.