Arcelor Mitallek Aguraingo lantegia itxiko du urte hasieran

Beharginek diote badutela lan karga. Lantegia ixten bada, hamabost langile joango dira langabeziara

2019ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
AGURAIN. Eguberrien atarian, langileen oporrak tarteko, Arcelor-Mittalek Agurainen duen lantegiko zuzendaritzak abenduaren 17an deitu zituen bilerara langileen ordezkariak, aurretik azalpenik eman gabe. «Historia errepikatu da», azaldu dute beharginek ELA sindikatuak zabaldutako agirian. Logistika planta itxi egingo dela jakinarazi diete, eta historia errepikatu da: orain bost urte ere Eguberrien aurretik iritsi zen kolpea. 2014ko abenduaren 19an, lantegiaren itxiera iragarri zieten 60 langile ingururi.

Orduko hartan, negoziazio gogorrei eta mobilizazioei esker, langileek lortu zuten lantegia ez ixtea eta hemeretzi lanpostu Agurainen mantentzea. Lortu zuten, era berean, hainbat langile Euskal Herriko beste lantegietara aldatzea, eta beste zenbaitek borondatez uztea lanpostua baina kalte-ordainak jasota. Baina, langileek salatu dutenez, behin gatazka amaituta, enpresak «heriotza gozo batera» kondenatu zuen Aguraingo planta, «inbertsiorik gabe, etorkizunerako plangintzarik gabe...».

Orain, berriz ere, itxiera iragarri diete. ELAren agirian azaldu dutenez, langileak ez daude ados erabakiarekin, lan karga badutelako, eta itxierak hamabost lagun bidaliko dituelako langabeziara. «Langile taldeak borroka egingo du enplegua mantentzeko eta, planta ixten bada, guztiontzako irteera duin bat lortzeko». Herritarrei eskatu diete babesa emateko egingo dituzten mobilizazioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.