IRUÑEA. Euskalgintzako eragileek, hezkuntzakoek eta sindikatuek agerraldia egin zuten atzo, Iruñean, eskaera bat eginez: Nafarroako gurasoei galdegin zieten seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatzea. Aurrematrikula epea irekitzear dela, ikastoletako edo ikastetxe publikoetako D eredua hautatzeko gonbita egiteko elkartu ziren hamabost eragile: Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen, NIZE, Dindaia, AEK, IKA, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Udako Euskal Unibertsitatea, Emun, ELA, LAB eta Steilas.
Eragileen izenean, euskaraz ikastearen bertuteak izan ditu hizpide Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak. Besteak beste, esan du hizkuntza ikasteko beste edozein eredu baino baliagarriagoa dela euskarazkoa, Nafarroako errealitatea hobeto ezagutzeko balio duela, baita inklusioa bultzatzeko ere: «Zalantzarik gabe, eredurik inklusiboena da euskarazko eredua».
Umea euskarazko eredura eramanda, «eskarmentua» duten profesionalak izango dituztela hitzeman du Bilbaok, baita haien lana goraipatu ere: «Ikaragarria da azken hamarkadotan hezkuntza komunitateak zenbat lan egin duen herritar euskaldun eleaniztunak sortzeko. Harro egoteko moduko profesionalak ditugu, konprometituak, gutxiago duenari gehiago emateko irizpideari jarraituz, baita euskararen gaian ere».
Hamabost eragileren eskaria, Nafarroan D eredua hautatzeko
Hezkuntzako eta euskalgintzako eragileek eta sindikatuek D eredu publikoa eta ikastolak defenditu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu