EAko kritikoek diote Arabako auzitegiak arrazoi eman diela

Zuzendaritzako iturriek, interpretazio hori ukatu, eta azpimarratu dute autoak ez duela eraginik auzibidean

2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
GASTEIZ. EAko sektore kritikoak ohar bat kaleratu zuen atzo, eta bertan adierazi zuen Eba Blancok azaroan aurkeztutako helegitearen gainean galdu egin duela. Ohar horren arabera, hauteskunde prozesua baliogabetzeko berme batzordearen erabakia babestu du epaitegiak. Horregatik deitu dituzte Blanco eta ildo ofiziala afiliatuei hitza ematera, alderdiaren lema nork hartuko erabaki dezaten. Aitzitik, EAko zuzendaritzako iturriek gezurtatu egin dute sektore kritikoaren interpretazio judiziala. Iturri horien arabera, auzitegiaren autoa Blancoren izendapena eteten deneko kautelazko neurriaren ingurukoa da, eta Ā«ez du eragin praktikorikĀ» auzibidean.

Auziak soka luzea du atzetik, eta bi sektoreen arteko barne borroka agerian utzi du. Iaz, idazkari nagusia izendatzeko hauteskunde prozesuan, hiru hautagai aurkeztu ziren: tartean, Eba Blanco bera eta Maiorga Ramirez. Azken horrek aurreko biek baino abal gehiago aurkeztu zituen, baina estatutuen arabera lurraldeko gutxieneko kopuru bat eskatzen denez, zuzendaritzak erabaki zuen Ramirezen hautagaitza atzera botatzea, baldintzak ez zituela bete argudiatuta. Ondorioz, prozesu horren amaieran hautagai bakarra geratu zen, eta Eba Blanco izendatu zen idazkari nagusi. Hala ere, berme batzordeak, erabakia bertan behera utzi, eta izendapena eten zuen. Horregatik, auzitara jo zuen Blancok, eta azaroan, kautelazko neurri gisa, epaitegiak erabaki zuen haren izendapena etetea.

Ekainean, epaiketa egin zen, eta, uztailean, lehen auzialdiko epaitegiak ebatzi zuen primarioen prozesuaren aurkako salaketa baliogabetzea. Alta, sektore kritikoak epai horri helegitea jarri zion. Oraindik ez dago errekurtso horren gaineko erabakirik.

Testuinguru nahasi horretan etorri da autoa (113/20). Sektore kritikoak dio azaroan Blancok aurkeztutako helegitea ez duela aintzat hartu eta ezin dela helegiterik jarri. Zuzendaritzako iturri ofizialek diote uztaileko epaia dela oraingoz auzibidean aurrera egin duen tesia, eta eurei arrazoi eman diela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.