BILBO. Pentsiodunak kezkaturik daude adinekoen egoitzetako egoerarekin, koronabirusa dela eta; horregatik, Bilboko udaletxearen aurrean elkartu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzara abiatu ziren atzo, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta; Unai Rementeria ahaldun nagusiarekin biltzeko asmoz joan ziren, baina bilerarik ez zen izan. Pentsiodunek alderdiei ohartarazi zieten ez zaiela ahaztu datorren uztailaren 12ko hauteskundeetan parte hartzea, eta oso kontuan hartuko dituztela alderdiek esandakoak eta egindakoak pentsioen inguruan. Hala, hauteskundeak iritsi aurretik, alderdiek pentsiodunen erreibindikazioen inguruan duten posizioa argitzeko exijitu zuen Jon Fano bozeramaileak.
«Pentsio publiko duinen alde eta adinekoen egoitzetan arreta duin baten alde ote dauden jakin nahi dugu hauteskundeen aurretik», azaldu zuen Fanok; «eduki horien inguruan ze konpromiso hartzeko prest dauden jakin nahi dugu». Beste bozeramaile batek, Andrea Uñak, azaldu zuen Rementeriarekin elkartu nahi dutela «adinekoen egoitzetan egon diren heriotza kopuru izugarriak direla eta». Pentsiodunen mugimenduak Arabako eta Gipuzkoako aldundiei ere egin die eskaera bera, baina gaur arte, soilik Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin biltzeko konpromisoa lortu du. «Borroka horrekin jarraituko dugu, gure proposamenak ezagut ditzaten, eta egoiliarren senitartekoekin batera joan nahi dugu».
Koronabirusa
Pentsioekin zer egin nahi duten argitzeko esan diete alderdiei
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ohartarazi diete bozkatzera joango direla uztailaren 12an

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu