GASTEIZ. Ikasle Abertzaleek salatu dute Euskal Herriko Unibertsitateak 34 ikasleri espedienteak zabalduko dizkiela eta, beraz, «kanporatuak izateko arriskuan» daudela. Iazko martxoaren 24an greba egin zuten EHUn, eta 34 ikasle atxilotu zituzten, egun hartan istiluak sortu zituztelakoan. IAk eskatu zuen balizko zigor guztiak bertan behera uzteko, baina 34 ikasle horiei jakinarazi diete EHUk espediente akademikoak zabaltzeko asmoa duela.
«Espedienteen mehatxua askatasun politikoen urraketa garbia da; unibertsitatetik jardun, aldarri zein antolakuntza politiko oro bortxaz ezabatu nahi izatearen seinale», adierazi du IAk Gasteizen eginiko agerraldi batean.
Manifestaziora deitu dute hilaren 16rako; 12:00etan abiatuko da martxa, EHUk Gasteizen duen Elurreta eraikinetik abiatuta.
Hiru eskaera egin dituzte: espedienteak atzera botatzea, Polizia unibertsitatera ez sartzea eta «unibertsitateko kontrol soziala amaitzea». Gainera, EHUren «jarrera autoritarioa» salatu du IAk: «Ezin dugu inola ere onartu gatazka politikoen irtenbide gisa indar poliziala edota zigor akademikoak erabiltzea elkarrizketaren ordez».
IAk salatu du 34 ikasleri espedientea irekiko dietela
Manifestazio bat egingo dute otsailaren 16an Gasteizen, besteak beste, EHUn «kontrol soziala amaitu» dadin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu