DUBLIN. COVID-19az kutsatzeko arriskuari eta gaitzaren larritasunari lotuta egon daitezkeen hamahiru gene eskualde identifikatu ditu nazioarteko ikertzaile talde batek.
Nature aldizkarian asteon argitaratutako ikerketa zabal batean, 19 herrialdetan egindako 46 ikerketa aztertu dituzte, gaitzak jotako 49.562 lagunen datuak jasota. Horietatik abiatuta, zientzialariek COVID-19ari loturik egon daitezkeen genomaren zatiak aurkitu dituzte.
Ikerketak argitu du gaitzaren larritasunari lotutako bi gene eskualde ugariagoak direla jatorria Asia ekialdean dutenengan. Genomaren eremu jakin horiek identifikatuta, tratamendu hobeak garatu ahal izatea espero dute ikertzaileek.
Badira gaitzaren larriagotzea ekar dezaketen zenbait arrisku faktore: sexua, pisua eta adina. Baina ikertzaileek susmatzen dute genetikak ere izan dezakeela eraginik. Adibidez, TYK2 genearen zenbait aldaera dituztenek gaitza modu larriagoan nozitzeko joera dutela argitu dute orain.
Koronabirusa
Gaitzari lotuta bide dauden geneak identifikatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu