Legea «ez da nahikoa» Eragin plataformarentzat

2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
«Joko aretoak arautzen dituen lege berria ez da nahikoa, ez daukalako atzerako eraginik». Gogor gaitzetsi dute Eragin plataformako kideek jokoaren arautegi berria, BERRIAri egindako adierazpenetan.

«Gazteek pairatzen duten prekaritatea» salatzeko sortu zen plataforma. Bilbon jarduten dute, eta, azkenaldian, joko aretoen aurkako kanpaina zabala jarri dute martxan. Salatu dutenez,lege berriak ezartzen dituen irizpideak betetzen ez dituzten aretoek ez dute itxi beharko; hamar urteko epea izango dute ezarritako baldintzetara egokitzeko. Hala ere, nabarmendu dute eskoletatik aretoetara 150 metro egon behar direla ezarri duen neurria «horren aurka egin diren borroken ondorio» dela. Horrez gain, azaldu dute «jokoaren areagotzea» egoera sozial jakin batekin «lotuta» dagoela: «Gazteak oso frustratuta daude, eta horrelako heldulekuak bilatzen dituzte ihes egiteko. Gainera, horrela uste dute alde ekonomikoan ere aterabide bat izan dezaketela». Online jokoaren inguruan ere kezka agertu dute; adierazi dute «bakardadean» jokatzen dutela gazteek Internet bidez, eta horrela, arazoa ez dela «ikusgarri» egiten: «Ezkutuan dagoen errealitate sozial bat da». Gehitu dute «alienatzailea» ere badela: «Kolektiboa den arazo bat indibidualizatu eta burbuila batean sartzen gaitu; ez diogu era kolektiboan ekiten arazo horri aterabide bat aurkitzeko. Gazteria narkotizatzeko modu bat baino ez da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.