Musika, dantza eta marrazkia bihar Izpuran, Bertso Egunean

Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Unai Agirre bertsotan ariko dira, Aimar Karrikak gidatuta

Barañainen egin zuten iaz Bertso Eguna. IÑIGO URIZ / FOKU.
2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
BERTSOLARITZA. Izpurak (Nafarroa Beherea) hartuko du aurtengo Bertso Eguna, bihar. Herriko Faustin Bentaberri gelan, 17:00etatik aurrera, kantuan ariko dira Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Unai Agirre, Aimar Karrikak gidatuta.

Ez dira, ordea, parte hartzaile bakarrak izango. Izan ere, Bertso Egunekoa emanaldi berezia izanik, eskualdeko beste zenbait sortzailek ere hartuko dute parte. «Bertso jarduna ohikoa eta zentrala izanen bada ere, ertz eta diziplina desberdinak ukituko dituen bertso saioa izanen da: bertsoa, musika, dantza, marrazkia...», iragarri du antolaketa lanetan dabilen Odei Barroso bertsolariak. Hala, Bilaka Kolektiboko dantzariek, Paxkal Irigoien eta Xabi Etxeberri musikariek eta Dom Campistron marrazkilariak ere hartuko dute parte ekitaldian.

Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian: 9 eurokoa da sarrera Bertsozale Elkarteko bazkideak direnentzat, 12 eurokoa bazkide ez direnentzat, eta 6 euroan lortu ahal izango dute gazteek. Saiora sartzeko aintzat hartuko dira momentuan indarrean dauden osasun neurriak.

Halaber, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak urteroko Ohiko Batzar Nagusia egingo du goizean, arratsaldeko bertso saioa izango den areto berean. 2021. urteko memoria eta balantzea azaldu, eta 2022ko egitasmoa eta aurrekontua aurkeztuko dituzte bilkuran, horiek onartzeko bidean. Batzarrean parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena eman izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.