GASTEIZ. Operazio bakar batekin, Aernnovak fakturazioa %20 handitzeko urratsa egin du. Bi lantegi erosi dizkio Brasilgo Embraer hegazkin egileari, Evoran (Portugal), 151,3 milioi euroren truke. Bi fabrika horiek 500 langile inguru dituzte, eta Arabako aeronautikako multinazionalak gaur egun dituen 4.500 langileei batuko zaizkie. Euskal Herriko ekoizpen lantegirik handienean, Berantevillakoan (Araba), 360 langile inguru ditu Aernnovak, iaz baino 80 gutxiago.
Ricardo Txokarro Aernnovako kontseilari ordezkariak ziurtatu du Evorako lantegiak osagarriak direla gaur egun taldeak dituenekin. Fabriketako batean hegazkinen egiturak egiten dituzte, eta konpositezko osagaiak bestean. Taldeko ekoizpen gune nagusia bilakatuko da Evora, lantegiek 37.100 eta 31.800 metro koadro baitituzte, hurrenez hurren.
Lantegi horietarako lana bermatua du Aernnovak, Embraer hornitzeko kontratu bat sinatu baitu hurrengo hamar urteetarako. Gaur egun, Airbusentzat eta Boeingentzat ere lan egiten du Aernnovak, baina Embraer izan zuen lehen bezeroa, 1993an, Gamesaren adar aeronautiko gisa sortu zenean.
Aernnovak bi lantegi erosi dizkio Embraerri, Evoran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu