ORDIZIA. Gipuzkoako kooperatibak atzo jakinarazi zuen Italiako Gruppo Giordano konpainiaren kapitalaren %45 bereganatu duela, eta erosketarekin «ingeniaritza elektronikoaren negozioan» indartu nahi duela. Gruppo Giordano konpainia 2004an sortu zuten, Veronan (Italia); 160 langile dauzka, eta 20 milioi euro fakturatu zituen iaz. Konpainiak produkzio planta bat dauka Errumanian.
«Gruppo Giordanorekin, Gipuzkoako kooperatiba, mundu osoan gas segurtasunaren liderra dena eta erreferente dena maila globalean ur berokuntzaren eta Home Confort sektorean, bete-betean sartu da elektronikaren negozioan», azaldu du Mondragon taldeko kooperatibak. Azaldu duenez, Italiako enpresak kontrolerako sistema elektroniko berritzaileak diseinatu eta fabrikatzen ditu, besteak beste, berokuntza, aireztapen eta aire egokituko sistemetarako (HVAC), bizitegietako energia kudeatzeko eta OEM errekuntza kontrolatzeko sistemetarako.
Orklik espero du bien arteko sinergiek lagundu egingo dutela produktuaren soluzio berritzaileak garatzen, eta, horri esker, bezero eta merkatu berriak lortuko dituztela bi enpresentzat. Orklik urteak daramatza aliantzen eta erosketen bidean: 2015ean, Italiako Valmex enpresaren %40 erosi zuen, eta lankidetzak garatzen ditu Bayreuth eta Mondragon Unibertsitateekin eta Fraunhofer institutuarekin. Orklik 1.100 langile ditu, Ordizian, Italian, Txinan eta Brasilen banatuta.
Orklik Italiako Gruppo Giordanoren %45 erosi du
Mondragon Taldeko kooperatibak azaldu du horrekin ingeniaritza elektronikoan indartuko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu