WASHINGTON. COVID-19aren kontrako txertaketa kanpainak aurrera egin ahala, maskararen gaineko araudia malgutzearen alde egin dute munduko zenbait herrialdek. Esaterako, AEB Ameriketako Estatu Batuek beste urrats bat egin dute neurrien leuntzean; txertatua izanez gero, maskara erabiltzea ez da derrigorrezkoa izanen espazio itxi askotan. Ameriketako Estatu Batuetako Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Zentroak eman du erabakiaren berri. Dena dela, AEBetako osasun agintariek zehaztu dute egoera jakin batzuetan oraindik ere premiazkoa izanen dela maskara erabiltzea. Hala gertatuko da, adibidez, garraiobideetan eta kutsatzea errazagoa izan daitekeen espazioetan. Herritar kalteberak arriskuan izan daitezkeen egoeretan ere jantzi beharko dira; ospitaleetan, osasun etxeetan, eta zahar etxeetan edo menpekotasun zentroetan, kasurako.
Hain zuzen ere, AEBetan emandako pausoari erreferentzia eginez, maskararen inguruko araudian egiten ari diren moldaketei buruz mintzatu da OME Osasunaren Mundu Erakundea. Erakundeak azaldu du maskara erabiltzeko agindua bertan behera gelditzea ez dagoela soilik herrialdeen txertaketa erritmoari lotua.
«Herrialdean txertatutakoen ehunekoa handia izanda, transmisio komunitarioari buruzko datuek apalak behar lukete izan. Halere, trantsizio epe bat premiazkoa da immunizazioak gora egin eta kutsatzeek behera egiteko», adierazi du Mike Ryan OMEko Osasun Larrialdietako zuzendariak. Maskararen gaia herrialde askotan da hizpide azkenaldian. Espainian, esaterako, ozendu egin dira uda bukaeran maskararik gabe ibiltzen ahalko dela diotenen ahotsak. Ordea, Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariak esan du neurria aurki altxatzea «atzerapausoa» litzatekeela. Haren ustez, erabilera bertan behera uztea herritarren %70 baino gehiago txertatuak izan ostean baizik ez da izanen komenigarria.
Koronabirusa
Maskararik gabeko bizitza, gero eta gertuago munduan
AEBetan, txertatuak izan direnak maskararik gabe ibiltzen ahalko dira espazio itxietan ere, muga batzuekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu