Petrolio eskariak goia jo zuen ekainean

2023ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
PARIS. Munduko petrolio eskariak orain arteko marka guztiak hautsi zituen ekainean: 103 milioi upel eguneko. IEA Nazioarteko Energia Agentziaren ustez, hegazkin trafikoaren susperraldia eta Txinako kontsumoaren gorakada dira beharrak goia jo izanaren arrazoi nagusiak. Dena den, ez du uste hilabete bateko kontua izan denik, eta abuztuan marka hori berriz hautsiko dela iragarri du.

Urtearen lehen erdiko datuen berri izanda, IEAk kalkulatu du eguneko eskaria 2,2 milioi upel handituko dela aurten. Ondorioz, urteko batezbestekoa 102,2 milioi upelekoa izango da, inoizko handiena hura ere. 2024an berriz ere handituko da, eta, ondo bidean, 2025ean hasi beharko luke jaisten, trantsizio energetikoari esker.

Eskaintzari dagokionez, txikiagoa da, eta uztailean alde hori handitu egin zen, Saudi Arabiak 910.000 upel gutxiago ekoitzi zituelako. Hilabete horretako ekoizpena 100,9 milioi upelekoa izan zen eguneko. Eskari handia ikusita, 2023an ekoizpena 101,5 milioi upeleraino iristea espero du IEAk.

Txostenean, erakundeak arreta berezia jarri du Errusiarengan. Uztailean, ohiko ekoizpenari eutsi zion: 7,3 milioi upel eguneko. Ekoizpen horren %80 Indiara eta Txinara bidali zuen. IEAren arabera, Errusiak 13.910 milioi euro lortu zituen uztailean petrolioa salduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.