GASTEIZ. Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak espero du espetxe eskumena «lehenbailehen» eskualdatzea, Espainiako Gobernuarekiko negoziazioak «nahikoa aurreratuta» daudelako. Hala azaldu du Onda Vascan eginiko elkarrizketa batean.
1979ko estatutuan jasota baina oraindik eskualdatu gabe dauden eskumenak transferitzeko egutegia eguneratu zuen urrian Espainiako Gobernuak, eta proposamen berria igorri zion Eusko Jaurlaritzari. Plan berriaren arabera, bi gobernuek martxorako amaituko dituzte bigarren blokeari buruzko elkarrizketak: besteak beste, espetxeetako eskumena dago hor.
Garamendik azaldu duenez, «bereziki» ari dira lanean espetxe eskumenaren transferentzian, «oso konplexua» delako:«Pertsona, azpiegitura eta ekipamendu askori eragiten dien eskualdatze bati buruz ari gara, eta, beraz, segurtasun juridiko eta kontu handiarekin egin behar da», azaldu dio irratiari. Gaineratu du «gai guztien letra txikia» lantzen ari direla.
Espetxe eskumenaren negoziazioa, «aurreratuta»
Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburuaren arabera, «letra txikiarekin» ari dira orain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu