BILBO. Bitartekaritzara joko dute azkenean Kristau Eskolako lan gatazkan. Patronalak atzo egin zion eskari ofiziala Lan Harremanetarako Kontseiluari. Eusko Jaurlaritzak egunotan adierazi du prest legokeela bitartekaritzaz egindako bilera batera joateko, eta jarrera hori ikusita eman du pausoa Kristau Eskolak, ohar bidez azaldu duenez. Kontseiluko iturriek aurreratu dute jaso dutela bitartekaritza eskaria, eta bilera baterako deia egingo dutela orain.
Sindikatuek greba mugagabea antolatu dute, negoziazioak aurrera egiten ez duela ikusita: azaroaren 7an hasiko lirateke. Aurreko ikasturteetan ere grebak egin dituzte. Kristau Eskolak azaldu du ez duela modurik eskariak asetzeko, eta finantzaketa handiagoa eskatu dio Jaurlaritzari. Gatazka konpontzeko eskatu dute familiek.