Arte eszenikoetarako agertoki digitala sortu dute

Profesionalen emanaldiak eta diru sarrerak hauspotzea helburu duen ordainpeko plataforma da Bizkaia FSnext

Plataforma digitala aurkeztu zutenak, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun
ARTE ESZENIKOAK. Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia FSnext plataforma digitala abiatu du Fair Saturday fundazioarekin elkarlanean eta Laboral Kutxaren laguntzarekin. Arte eszenikoetako profesionalei —hots, dantzari, musikari eta antzezleei— eta erakundeei bideratutako agertoki birtuala da. Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur diputatuak zehaztu duenez, sortzaileen lana «lagundu, zabaldu eta errentagarri bihurtzeko» xedearekin sortu dute plataforma. Halaber, Bizkaiko arte eszenikoetako ondarea batuko du. Edukiak eskuragarri daude dagoeneko.

«Ikuskizunei bigarren bizitza digitala emateko edota audientzia digitalekin konektatzeko aukera» emango die plataformak arte eszenikoetan ari diren sortzaile bizkaitarrei, Jordi Albareda fundazioko kideak azaldu duenez. Era berean, haien lanarekin diru sarrerak lortzeko abagunea ere emango die Bizkaia FSnext-ek. Izan ere, plataformako edukiak ikusteko ordaindu egin beharko da —publikoak erabakitako kopurua, sortzaileak ezarritako langatik gora—, eta batutako %90 kulturgileei bideratuko da. Gainontzeko %10 ataria mantentzeko erabiliko da.

Alabaina, agertoki digitalak ez du aurrez aurrekoak ordezkatzeko helbururik, Bilbaok argitu duenez. «Presentzialaren osagarri eta pizgarri izango da. Sendo eta egoki nahi dugu presentziala, eta, hura indartzeko, baita digitala ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.