GASTEIZ. Oinarrizko errenta baldintzagabea eskatzeko ekinaldiak 7.500 sinadura bildu ditu dagoeneko. Irailean jarri zuten martxan bilketa, eta bi hilabeteko epean helburua lortzear dago. Izan ere, gutxienez 10.000 sinadura bildu beharko dituzte Eusko Legebiltzarrak eskaria aintzat hartu eta eztabaida onartzeko. Urtarrilaren 7ra arteko epea dute horretarako. Adierazi dutenez, bi hilabete hauetan proposamena herritarrengana iristeari eman diote lehentasuna, eta, horretarako, dozenaka hitzaldi eta mahai ingurutan parte hartu dute. Kalean ere izan dira, informazioa ahoz aho zabaltzen. «Milaka pertsonarekin informazioa eta esperientziak trukatu eta eztabaidatu ditugu. 50.000 triptiko baino gehiago banatu ditugu».
Pozik daude orain artekoarekin, nola sinadura kopuruarekin hala jasotako laguntza ekonomikoarekin. Izan ere, 12.000 euro inguru lortu dituzte sarean egindako mezenasgo kanpaina bati esker. «Diru horri esker, herritarren artean hedapen handiagoa izango duen kanpaina bat egin dezakegu», zehaztu dute sustatzaileek. Sinadurei dagokienez ere, 7.500 horietatik 2.000 inguru dira webgunearen bidez modu elektronikoan jasotakoak gainerakoak eskuz jaso dituzte. 80 erakunde baino gehiago ere atxiki dira ekinaldira.
7.500 sinadura oinarrizko errentaren alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu