Erreformaren negoziazioari berriro ekingo diote gaur

Frantziako Gobernua saiatuko da CFDT bere aldera erakartzen. Protestara deitu dute etzi eta larunbaterako

Frantziako Gobernuko kideak Eliseoko jauregira sartzen, atzo. YOAN VALAT / EFE.
2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
BAIONA. Aste erabakigarria izan daiteke honako hau pentsio sistemaren erreformarentzat. Sindikatuak eta enpresaburuen elkarteak berriro negoziatzera deitu ditu Frantziako Gobernuak, gaurtik aurrera. CFDT eta sindikatu erreformistak limurtzen saiatuko dira Edouard Philippe lehen ministroa eta Muriel Penicaud Lan ministroa. Ez dute lan erraza izango, batik bat ez badu alde batera uzten erreformaren gakoetako bat: orekarako adin bat ezartzea, eta horretara iritsi ez direnei pentsioa txikitzea.

Igandean, Laurent Berger CFDTko buruak ziurtatu zuen orekarako adina kendu ezean ez duela erreforma babestuko. Neurri horren helburua da sistemaren finantzen oreka bermatzea. Alternatiba gisa, Bergerrek proposatu du konferentzia bat egitea erretiroa finantzatzeko neurriak eztabaidatzeko. CFDT ados dago erretiro pentsioa jasotzeko erregimen bakarra finkatzearekin.

Beste bi sindikatu nagusiek, CGTk eta FOk, berriz, ziurtatu dute ez dutela onartuko erreforma bertan behera geratzea den beste ezer. Haien asmoa da kaleko mobilizazioak berrindartzea, Eguberrietako atsedenaldiaren ondoren. Horregatik, bat ez, bi protesta egun antolatu dituzte aste honetan, ostegunean eta larunbatean. Horren aurretik, atzodanik, greba egitera deituta daude abokatuak, haien erregimen propioa babesteko.

Gainera, mugimendua beste sektore batzuetara hedatu nahi dute. Horrela, CGTren kimika federazioak findegiak eta petrolioarekin zerikusia duten beste instalazio guztiak lau egunez blokeatzeko deia egin dute, gaurtik aitzin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.