GASTEIZ. Zeresana ematen segitzen du EH Bilduk, UP Unidas Podemosek eta PSOEk asteazkenean lortutako akordioak, 2012ko lan erreforma indargabetzeko asmoz adostutakoak. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak garrantzia kendu dio hitzartutakoari, haren arabera ez baitu indarrean dagoena ordezkatzeko arautegirik zehazten. «Beraz, ezer ez esatea bezala da», esan zuen, atzo, Herri Irratian emandako elkarrizketa batean.
Madrilen politika egiten ari dela eta, «harrituta» agertu da koalizio subiranistaren «muturreko aldaketarekin». Nabarmendu zuen hori egiteagatik «traidore» deitu izan dietela EAJkoei. Gogoratu du bera hamalau urtez izan zeladiputatua Espainiako Kongresuan, eta «ezker abertzaleak» EAJ kritikatu izan duela horregatik. «Deitu izan digute espainolak, amore emaileak, etaMadrilen guk beti egin izan duguna egin nahi dute orain: euskal gizartearen onerako akordioak lortu».
Lehengoan «hitzartutakoaren literaltasunari» heltzen bazaio, «langileentzat askoz ere okerragoa» dela iruditzen zaio Erkorekari. «Indargabetzen da indarrean dagoena, hutsune normatibo bat sortzen da, eta hori askoz ere okerragoa da langileentzat; oihaneko legea da orduan, eta enpresariak nahi duena egiten du».
Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko bozeramaileak prentsaren aurrean nabarmendu zuenez, EAJrekin akordio «egonkor bat» du Espainiako Gobernuak, eta EH Bildurekin lortutakoa, berriz, «puntuala eta partikularra» izan da, eta alarma egoera luzatzeko beharrezko babesa lortzea zuen helburu. EH Bildu abstenitu egin zen.
Erkorekak gutxietsi egin du EH Bilduren Madrilgo ituna
PSOEk adierazi du EAJrekin akordio «egonkor bat» duela, eta EH Bildurekin egindakoa «puntuala» dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu