Maria Josephe Mialocq Arbonako auzapez berriro

Bozak berriz egin dituzte, Frantziako Estatu Kontseiluak Beñat Arlaren zerrendaren helegitea ontzat jo zuelako

Arbonako auzapez hautatu dute berriz ere Mialocq. BOB EDME.
2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
ARBONA.Marie-Josephe Mialocq izango da aurrerantzean ere Arbonako (Lapurdi) auzapez. Herriko bozak izan dituzte igandean han; 704 boto eskuratu ditu orain arteko auzapezak, eta 601, berriz, Beñat Arla buru zuen Hats Berri Bat Arbonari zerrendak. Ezkerreko abertzaleek parte hartzen zuten zerrenda horretan. Iaz baino jende gehiago joan da bozkatzera.

Urte bat pasa iraun duen justizia prozedura baten ondotik, 2020ko martxoaren 15ean iragan ziren bozak bertan behera utzi zituen Frantziako Estatu Kontseiluak, iragan maiatzaren 31n, «bozkaren zintzotasuna faltsutua» izan zelako. Azken asteetan, auzapezaren taldea kargutik kendu zuen Baionako suprefeturak, eta administrazioko hiru agente izendatu zituen egunerokoa kudeatzeko.

2020ko martxoan, Mialocqen zerrenda gailendu zen, 530 boz eskuratuta. Arlaren zerrendak 416 boz eskuratu zituen emaileen %44, baina auzapezak baliogabetzat jo zituen, boto paperetan ez zelako zehaztua Zigor Goieaskoetxea zerrendakidea espainiar nazionalitatekoa dela.

Hori ikusirik, helegitea ezarri zuten Arlaren zerrendakoek, eta arrazoia eman diete azkenean auzitegiek, bozak berriz egitera behartuz.

Ezarri nahi izan zuen tranpan erori zen auzapeza, Goieaskoetxearen ustez: «Beldur zen ez zituela hauteskundeak irabaziko, eta beldurrak bultzaturik hartu ditu sobera deblauki erabakiak. Nahi izan gaitu tranpa batean sartu, eta, azkenean, bera erori da», adierazi zion Ipar Euskal Herriko Hitza-ri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.