Johnny Clegg musikari hegoafrikarra hil da
MUSIKA. Ingalaterrako Bacup herrian jaio zen Johnny Clegg, 1953an, baina, haurra zela, Rhodesiara —egungo Zimbabwera— joan zen bizitzera amarekin, eta Hegoafrikara ondoren. Musikari ibilbidea antropologia ikasketekin tartekatu zuen gaztetan. Izan ere, musika zulua ezagutu zuen Johannesburgon, eta Sipho Mchunurekin Juluka taldea sortu zuen. Musikari beltzek eta zuriek osatzen zuten taldea, eta, apartheidaren legeak urratzen zituztela eta, jazarpena jasan zuten Hegoafrikan; nazioartean, baina, arrakasta lortu zuten. Egoera bera bizi behar izan zuen gero Savuka taldearekin, 1986. urtean Dudu Zulurekin sortu zuena. Zulua eta ingelesa nahastu izan zituzten abestietan, baita Afrikako doinuak Mendebaldeko estiloekin uztartu ere. Zulu zuria ezizenarekin egin zen ezagun, eta hainbat sari eskuratu zituen bere ibilbidean. Atzo hil zen, Johannesburgon, minbiziaren eraginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu