Beste zazpi euskal preso Euskal Herriratuko dituzte

Iñigo Guridi, Iñaki Bilbao, Orkatz Gallastegi, Fermin Vila, Iñigo Zapirain eta Alberto Viedma lekualdatuko dituzte.

Sarek antolatutako manifestazio bat, abuztuan, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
edurne begiristain
2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun

DONOSTIA. Espainiako Espetxe Erakundeek eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak beste zazpi euskal preso Euskal Herriratzea onartu dute: Iñigo Guridi Lasa, Asier Badiola Lasarte, Iñaki Bilbao Goikoetxea, Orkatz Gallastegi Sodupe, Fermin Vila Mitxelena, Iñigo Zapirain Romano eta Alberto Viedma Morillas dira Euskal Herrira ekarriko dituztenak. Viedma Salamancako Topasetik Iruñeko kartzelara ekarriko dute. Hilabete honetan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Zehazteko dago lekualdatuko dituzten beste sei presoak zein kartzelatara mugituko dituzten. Eusko Jaurlaritzak argitu beharko du Martutenen, Basaurin edo Zaballan sartuko ote dituzten.

 

Guridi Leongo espetxetik Euskal Herriratuko dute. 21 urte daramatza kartzelan, eta 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Badiola 2010ean espetxeratu zuten, eta 50 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Duesoko espetxetik Euskal Herriratuko dute. Bilbao eta Gallastegi euskal presoak Topaseko kartzelatik Euskal Herriratuko dituzte. 68 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Bilbaori, eta 48 urtekoa, berriz, Gallastegiri.

Vila Zaragozatik Euskal Herriratuko dute. 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta 2032. urtean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Zapirain Duesotik Euskal Herriratuko dute. 2011n sartu zuten espetxera, eta 40 urteko espetxe zigorra betetzen ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.