ZUZENDARIARI

Idoia Aierbe, ez adiorik!

Joxe Ramon Zapirain Larraza.
Mikel Zabalza Gogoan herri plataforma.
2018ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Idoia Aierbe joan zaigu. Berria harridura erlatibo batekin jaso dugu, duela denbora dezente bagenekien bere osasun egoera ahula zela eta. Itzaltzen zihoan. Bere kideak eta berak Intxaurrondon jasandakoak azaltzean zenbait kontzientzia aztoratu zituen ahots hura aspalditik isildua zegoen. Gutako askok Mikel Zabalzaren laguna bezala ezagutu dugu. Idoiari buruz eduki ditugun erreferentzia ia guztiak han gertatukoarekin lotuak izan dira: atxiloketa, inkomunikazio egun luzeak, salatutako torturak, Mikel bere lagunaren heriotza eta desagerpena, egiaren eskaera, pairatutako sufrimenduaren atzetik sortutako gaixotasuna...

Horretaz haratago, Idoia emakume handi bat izan zen, eta garbi azaltzen dute zuzenean ezagutu zutenek. Gazte alaitsua, bizitzeko gogo handikoa, kirolaria, euskaltzalea. Izaera sakoneko emakume gaztea, militantea, langilea.

Emakume hori ia desagertu zen atxiloketa gogor hura eta esperientzia bortitz hura jasan eta gero. Bere bihotza penaz beterik geratu zen. Etsipena, bere sufrimendua eta bere lagunaren heriotzaren errudunen erantzukizun eskaerarik edo aitortzarik inoiz ez zuelako bizi. Eta horrela joan zaigu, Mikelen heriotzari buruz hain argi zuen egiari buruzko aitortza ofizialik ezagutu gabe. Berak inoiz ez zuen isiltasuna onartu, beti azaldu zuen bere testigantza, beti egia argitzeko bidean jarraituko zuela ziur gaude. Beti indartsu mantendu zen, bai Estatuko aparatuen gezurren aurrean, bai pairatu zuen gaixotasun larriari aurre egiteko orduan. Inoiz ez zuen etsi.

Une gogor hauetan familiaren eta gertukoen ondoan egon nahi dugu. Beraiek inork baino hobeto dakite Idoiak zeraman zama Intxaurrondokoa jasan eta gero. Beti zaindu dute, bere osasunaren gain beraren lekuko izanik, egun batean bakarrik utzi gabe. Bide honek garbi adierazten du zer-nolako pertsona zen bera eta azken arnasera arte babestu duten guztiok. Gure aitortza eta dolumin estuenak ezer baino gehiago. Bukatzeko, ozenki berresten dugu lanean jarraitzeko gure konpromisoa, 1985eko gure historiaren une gogor hori inolaz ere ahaztu ez dadin eta Mikel, Idoia, Jon eta Manuelekin gertatutakoaren aurrean egia, aitortza eta justizia lortu arte. Besarkada handi bat, Idoia!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.