BAIONA. Bihar, 06:00etatik aitzina, itsasora salto egiteko aukera izanen dute Ipar Euskal Herriko herritarrek. Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak eta Lapurdiko kostaldeko herrietako auzapezek bilkura egin dute Baionako suprefeturan, eta hondartzak irekitzea onartzen duela erran die Frantziako Estatuko ordezkariak. Hondartza «dinamikoak» izanen dira: bainatzea, ibiltzea eta bestelako jarduerak baimenduak izanen dira, baina ez da hondarretan geldirik egoteko aukerarik izanen.
Aste hasieran bidali zioten eskaera prefetari, zortzi herrietako auzapezek izenpetutako gutun batekin. Izan ere, konfinamendutik ateratzeko baldintzen artean, Frantziako Gobernuak bide eman dio hondartzak irekitzeko aukerari, prefeten esku utzita erabakia. Hendaian, Ziburun, Donibane Lohizunen, Getarian, Bidarten, Miarritzen eta Angelun daude hondartzak Lapurdiko kostaldean.
Berri ona da, Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezaren iritziz, eta erran du baldintzak onartu besterik ez dutela: «Konplikatua izanen da; herritarrei esplikatu beharko zaie, baina osasun baldintza berezi batzuetan gaude».
Gipuzkoan, berriz, oraindik ez dute erabaki zer egin hondartza denboraldiarekin. Bilera egin du Gipuzkoako Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok kostaldeko zenbait herritako alkate eta zinegotziekin, baina han ez dute zehaztu noiz hasiko den hondartza denboraldia, eta hasiko balitz ere, zer ekintza baimenduko duten.
Koronabirusa
Lapurdiko kostaldeko hondartzak irekiko dituzte
Bihartik aitzina egonen dira irekirik. Gipuzkoan, berriz, oraindik ez dute gai horretaz erabakirik hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu