Iberdrola auzitara eraman dute amiantoagatik

Arriskuez ez ohartarazteagatik, 320.000 euro kalte-ordaina eskatu diete Iberdrolari, Petronorri eta Repsoli.

Asviamieko kideek egindako elkarretaratzea, atzo, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE.
2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
BILBO. Pleurako mesioteloma gaitza du E.G.N. beharginak, isolamendu termikoetan lanean ibili zenean urteetan arnastu zituen amianto zuntzek eragindako gaixotasuna. Bere lanaz baliatu ziren enpresak auzibidera eraman ditu beharginak, haiek ez ziotelako ohartarazi zer arrisku zekartzan amiantoa manipulatzeak, ez eta babesgarririk eman ere. 320.000 euroko kalte-ordaina eskatzen die arrazoi horregatik.

Langileak enpresa handiagoentzako aritzen ziren kontratetan egin zuen bere ibilbide profesional guztia, eta kontrata horiek —Atefrisa, Kaefer, Itasa eta Itasa Naval— jada deseginda daude. Ez, ordea, haien zerbitzuak hartzen zituzten Iberdrola, Petronor, Izar, Repsol eta Unilever. Iberdrolaren Pasaiako eta Santurtziko zentral termikoetan eta Lemoizko zentral nuklearrean aritu zen E.G.N. behargina, tutu eta gordailuak isolatzen; baita Izarren ontzioletan, Unileverren mantentze lanetan eta Petronorren Muskizko findegian ere.

Epaiketa atzo egin zen, Bilboko Lan Arloko 1. Epaitegian, eta, langileari babesa erakusteko, atarian elkarretaratzea egin zuten Asviamie amiantoaren biktimen elkarteko kideek. Asviamieren kontuen arabera, 2019. urtean 30 langile hil ziren amiantoak eragindako gaitzen ondorioz. «Iritsi da unea gobernu berriak eta enpresa handiek konpentsazio funts bat osatzeko, kaltetuek auzitegietan pairatu behar duten sufrimendua amaitzeko, edo gutxienez murrizteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.