Aurrera doa 'mozal legearen' erreformaren eztabaida

Legeak dakartzan hainbat arau hauste kendu nahi ditu EAJk: tartean, Poliziaren irudiak erabiltzeari buruzkoa

2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
MADRIL. EAJk mozal legea aldatzeko proposamen bat aurkeztu zuen urtarrilaren 20an Espainiako Kongresuan, eta haren eztabaidak aurrera egin zuen atzo, gainerako talde guztiek atzera bota baitzuten PPk aurkezturiko osoko zuzenketa. Batzordera joanen da orain proposamena, eta taldeek zuzenketa partzialak egiteko aukera izango dute. EH Bilduko Jon Iñarrituk, adibidez, esan du zuzenketak aurkeztuko dizkiotela erreformari, helburutzat hartuta lege osoa bertan behera gelditzea. Mikel Legarda EAJko diputatuak eskatu du «lehenbailehen» has dadila eztabaida.

Jeltzaleek proposatzen duten testuak «funtsezko aldaketak» egiten ditu mozal legearen 44 arautan, eta hiru xedapen gehigarri ere aurkezten ditu, elkartzeko eskubidea arautzen duen 9/1983 legea aldatzeko eta Espainiako Estatuan dauden «atzerritarren mugako itzulketak» nazioarteko giza eskubideen arauetara egokitzeko.

2015ean legea onartu zutenean eztabaida sortu zuten hainbat arau hauste kentzea ere proposatzen du erreformak. Adibidez, Poliziaren irudiak eta datu pertsonal eta profesionalak erabiltzea «arau hauste larri» gisa hartzen duena. Bertzelakoak ere kendu nahi dituzte: komunikatu gabeko bilkurak antolatzeko debekua; uniforme, intsignia edo kondekorazio ofizialak behar bezala ez erabiltzea zigortzen duen araua; eta eraikinak eskalatzea, kale salmentarako kalea okupatzea eta eraikinak zikintzea debekatzen dituztenak, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.