Tximino baztangaren aurkako txertaketa estrategia, onetsita

Talde zaurgarrienak lehenetsiko dira, tartean GIBarekin kutsatutakoak. Kontaktu estuei ere jarriko zaie txertoa.

Tximino baztangaren arrastoak azalean. BRIAN W.J. MAHY/ EFE.
2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
MADRIL. Tximino baztangaren aurkako txertaketa estrategia onartu du Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak. Estrategia horretan jasota dagoenez, gizonekin sexu harremanak dituzten gizonezkoak lehenetsiko ditu txertaketak, eta talde horren barruan egongo dira tximino baztangarekin kutsatuta egon gabe GIB giza immunoeskasiaren birusaren prebentziorako tratamenduak hartzen ari direnak eta GIB birusarekin kutsatuta daudenak. Horiekin batera, zaurgarrienek lehentasuna izango dute: hala nola kutsatutako pertsonekin harreman estua izan duten adingabeak, haurdunak eta immunoeskasia dutenak. Halaber, birusarekin lanean ari diren osasun zentroetako eta laborategietako beharginak erelehentasunez txertatuko dituzte, baldin eta birusarekin lanean daudenean norbera babesteko ekipamenduetan arazoren bat izan badute.

Txerto bat bada gaitzaren aurka egiteko; berez baztangaren kontra propio doitutakoa da, baina eritasun honen aurka ere eraginkorra da. Hala ere, dosi gutxi daude. Hori horrela, oraingoz dosi bakarra jarriko diete bai kutsatutakoei eta bai haien kontaktu estuei. Txerto gehiago jaso ahala hasiko dira bigarren dosiak jartzen. Baztangaren kontrako txertoa hartua dutenei ez zaie jarriko bigarren ziztadarik, eta immunoeskasia dutenei bi dosi jarriko zaizkie, bien artean 28 eguneko tartea utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.