EH Bilduk uste du «aldaketarako politikak» behar direla gaur egun

CCOO sindikatuarekin bildu da, ezkerreko eragileekin egiten ari den batzar sailaren barruan

EAJko legebiltzarkideak, atzo, Gasteizen, Eusko Legebiltzarreko akreditazioa hartu ostean. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE.
Aloña Beraza Peña Andoni Rekondo Izagirre
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Ezkerreko eragileekin egiten ari den bilera sailaren harira, CCOO sindikatuarekin bildu zen EH Bildu atzo, Bilbon. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko azterketa egin eta etorkizunera begira jartzeko baliatu zuten batzarra, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren arabera. Izan ere, indar subiranistako ordezkariak nabarmendu zuen koronabirusaren ondorioz sortutako krisiak, osasun arazoaz gain, arazo ekonomiko eta sozialak dakartzala. Testuingurua aintzat hartuta, egoeraren «kontrastea» egiteko baliatu zuten bilkura. Otegiren esanetan, «argi dagojarraitutasunerako gobernu bat» dagoela, eta, gaur egungo egoerari aurre egiteko, «aldaketarako politikak» aldarrikatu zituen.

Azken egunetan Confebask EAEko enpresarien elkarteak egindako adierazpenen harira —Eduardo Zubiaurre presidenteak esan zuen irailetik aurrera Eusko Jaurlaritza eratzeak on egingo diola ekonomiari—, Otegik ohartarazi zuen gehiengo parlamentarioa izateak ez duela zertan gobernu sendoa osatu: «Gobernu sendoak dira erronkei aurre egiten dietenak, eta ez dugu uste formula honek [EAJ-PSE] aurre egingo dienik arazoei».

Eragile «progresista» guztiekin biltzen eta lanean jarraituko duela esan du EH Bilduk. UGT eta LAB sindikatuekin izan da aste honetan, eta Ahal Dugu-rekin eta ELArekin batzartzekoa da. Harremanetan da PSE-EErekin ere.

EAJk baditu akreditazioak

Eusko Legebiltzarreko akreditazioak jaso zituzten EAJko 31 legebiltzarkideek. Ostegunean hartu zituzten PSE-EEko hamar kideek. EH Bilduk iragarri du datorren astelehenean hartuko dituela. Hortaz, martxan jarri da legebiltzar berria osatzeko prozesua. Bakartxo Tejeria legebiltzarreko jarduneko presidenteak aurreratu du abuztuaren 3an izango dela lehen saioa. Bertan, legebiltzarreko lehendakaria eta mahaiko kideak hautatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.