Patxi Ruiz euskal presoaren aferan «sektore jakin batek» egoera baliatu izana gaitzetsi zuen atzo EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bere azken agirian, eta AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak beste ohar baten bidez erantzun dio EPPKri, esanez ezen, «sistemaren parte diren alderdi instituzionalei txalo egitearekin batera, herri mugimenduaren aurka jo» duela adierazpen horrekin, «kontrolpean ez daukaten horri kalte egiteko saiakera batean». «Elektoralistatzat» jo du AEMk «Sorturen bulegoren batean idatzitako» EPPKren agiria, eta atzorako deituak zituen mobilizazioak «ahultzea» izan du helburu oharrak, AEMren hitzetan.
«Zehaztasun falta» salatu du mugimenduak. «Patxiren egoera dramatikoa Sortu, EH Bildu, Etxerat, EPPK eta Sare kritikatzeko erabili dugula diote. Esan beharra dugu kolektibo horiek ez direla munduaren zilborra eta Patxirengan jarri dugula gure indar osoa». AEMk nabarmendu du ez dituela «inongo agiritan» aipatu ez EPPK, ez Sare, ez Etxerat; EH Bildu eta Sortu baino ez, eta haien aurkako «akusazioei erantzuteko». Ohartarazi du ez dietela halakorik «ametituko» hamar egun pasatu arte Ruizi buruz «ezer esan ez zutenei, haren aldeko ekintzak kritikatzeko izan denean salbu».
Jakinarazi du bere helburua «Patxiren bizitza edozeren aurretik jartzea» izan dela «lehenengo momentutik», eta horretarako daudela etengabe harremanetan senide, abokatu eta medikuekin. «Errespetua eta ardura» eskatu du AEMk.
AEMren agiri osoa irakurgai dago BERRIAren webgunean: www.berria.eus
AEMren ustez, «herri mugimenduaren aurka» jo du EPPKren agiriak
Mugimenduak «erasotzat» hartu du presoen kolektiboaren mezua, eta «ahultasun politikoa» iruditu zaio bere izena zuzenean aipatu ez izana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu