enekoitz esnaola
Euskal presoak. ANALISIA

Bukaeraren hasiera

2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Kontuan hartzekoak izan ohi dira Foro Sozialak aldika egiten dituen adierazpenak, gakoak ematen dituztelako. Esate baterako, 2016ko urrian, Aieteko konferentziaren bosgarren urteurrenean, jauregian bertan, eta Euskal Herriko eta nazioarteko komunitateen aurrean, armagabetzea gizarte zibilarekin batera egiteko mezua bidali zion ETAri. «Azken faseari ekiteko garaia da, lehenbailehen». Urte bereko abenduan gertatu zen Luhusoko armagabetze zibil partzialaren saiakera, eta 2017ko apirilean ETAren desarmatze osoa, gizarte zibilaren parte hartzearekin, eta, Foro Sozialak Aieten eskatu bezala, euskal instituzioen eta nazioarteko eragileen engaiamenduarekin. 2018ko urtarrileko prentsaurreko batean, berriz, foroak iragarri zuen urte politikoa bukatu aurretik espero zuela ETAren «desmobilizazioa» —hau da, beranduenez uztaila amaitzerako—. Maiatzaren 3an jakinarazi zuen ETAk desegin zela. 2020 honen hastapenean, euskal presoen auziaren «behin betiko konponbidea bideratzea» aipatu du Foro Sozialak hedabideen aitzinean. Gatazkaren ondorioak hirurak ere —armagabetzea, desegitea eta presoak—, helduleku eta aterabide partikularrekoak, eta lehen bietan aurrera jotzeko baldintzak bazirela ondorioztatuta egingo zituen ohar haiek Foro Sozialak; presondegietako aferaren irtenbideari ekiteko baldintzak badaudela ere azaldu berri du.

Zentzuzkoa baita aldarrikatzea presoen auzia behingoz konponbide fasean jarri behar dela. Baldintzak badira: ETAk bukatu zuen, EPPK-koak legebideari segitzen ari dira... Kasu honetan, Madrilek eta Parisek dute giltza: espetxeetakoa. Frantziako Gobernuak badu elkarrizketa esparru bat Ipar Euskal Herriko ordezkaritzarekin. Madril eseri izan da Jaurlaritzarekin, baina, irtenbide pragmatiko bat diseinatu eta garatzeko, aldez edo moldez hitz egin beharko du ezker abertzalearekin edota EPPK-rekin ere. Hirukoaz hitz egiten da gero eta gehiago: Espainiako Gobernua (edo PSOE, PSE/PSN), Hego Euskal Herriko instituzioak (Nafarroako Gobernua eta, batik bat, Jaurlaritza) eta ezker abertzalea/subiranista (EH Bildu eta EPPK). Gizarte zibila, bide paraleloan lanean, lagunduz edo bultza eginez. Eragile haiek denek aitortu dute egoera politiko berria dagoela Euskal Herrian, elkarbizitzarako mezuak zabaldu dituzte, eta esan dute espetxe politika berria edo bestelakoa behar dela. Horrez gain, aipatutako gobernuen osaeretan eta sostenguetan badago gauza bat inportantea: antzeko talde politikoak daude, berezitasunak berezitasun: PSOE, UP eta EAJ. Gainera, EH Bilduk badu eragina Nafarroako gobernabidean, Madrilen badu protagonismo bat, eta Eusko Legebiltzarrean bigarrengo indarra da. Gehiengo parlamentarioak daude, salbuespen legeak erauzteko edo moldatzeko —bereziki, 7/2003a—, eskakizun batzuen erantzuna adosteko, eta espetxe eskumenak igorri eta kudeatzeko.

Urratsak elkarrekin

Beraz, partekatutako abiapuntu baterako zume sendoak daude; baina, halaber, baliagarria litzateke guztien artean ondorioztatzea auzia Espainiako Estatuan (ere) oraindik ez dela konponbidearen fasean ezarri; edo areago: PSOEren gobernuak urte eta erdian, zegoen egoera berezi eta ahulean mugimendu batzuk egin zituela baloratuta ere, beharrezkoa dela auziaren bukaeraren hasierari ekitea. Bakoitzak jarriko ditu gero terminoak: presoen askatasuna, etxeratzea, (bir)gizarteratzea, legediaren betetzea...; eta, logikoki, bakoitzak egingo ditu eskakizunak. Mixel Berhokoirigoin bakegileak asteon berriro azaldu du Ipar Euskal Herriaren lan moldea, Donostian: elkarrekin egindako urrats batek posible egiten duela hurrengoa elkarrekin egitea, eta batera aritzeko ez dela ezinbestekoa helmugan (proiektu politikoan) bat egitea. Norabide batean doa Iparraldeko komunitatea; ondotik, Parisekin elkarlanean edo, txarrenean, hari presio eginez. Espainiako Estatuan ere estimatuko lukete euskal presoek berme hori, haien panorama beti ez dadin izanhotz amaigabe bat baino latzago.

Zubiak dokumentalean, Juan Mari Jauregiren alargun Maixabel Lasarekin izandako solasaldi batean, Ibon Etxezarreta Langraiz bideko euskal presoak gogoeta bat egin du urruntzeaz eta Euskal Herriratzeaz: «Huelvako kartzelan zaude, edo Badajozen —han egon nintzen ni—, eta kezka horiek dituzu [autokritika, biktimekiko enpatia...], eta pentsatzen duzu gustatuko litzaizukeela parte hartzea [gizarteratze prozesuan], baina nola egiten duzu? Bazegoen diferentzia bat, niretzat oso garrantzitsua: Langraizera etorri ginenean, jartzen zenuen irratia, eta Euskadi Irratia genuen —Euskaditik kanpo ezin zen entzun—; jarri telebista, eta ETB; egunkari gehiago genituen, irrati kate gehiago, eta hemengo gaiez hitz egiten zen. Zu [Lasa] mila aldiz entzun izan zaitut; Badajozen egon izan banintz, sekula ez zintudan adituko. Esaten dudanean sakabanaketak ez duela inolako zentzu positiborik presoen eboluzioan, horretaz ari naiz. Guk hemen bagenekien Euskadin zer gertatzen ari zen».

Euskal presoek badituzte ametsak, bizi proiektuak, eta maite dute askatasun haizea, baina urruntzeak eta lehen graduak eragotzi egiten die legebideari jarraitzea, Euskal Herrian sentiaraztea, eta, egokiera ikustean, posibilista izatea. Zer egin behar du haietako batek Algecirasen-edo, Madrilen hiru eguneko irteera baimena jasota? Edo egunez ateratzekoa izanda? Zer gogo edukiko dute, urrun egonik, legebidean pausoak emateko? Madrilek ia ehun euskal preso ditu sorterritik 700 kilometro pasara, gizarteratze printzipioak baztertuta. Samina zabaltzen.

Presoen auzian azken fasearilehenbailehen ekiteko erabakitasuna daukate euskal eragile askok. «Orain ez bada, noiz?», galdetu du Sarek. Gaur-gaurkoz,248 ohe huts daude. Eta hori nork ulertarazi... Euskal Herri berriari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.