Egoitzetatik plazara, baldintza hobeen eske

Hiru eguneko kanpaldia egiten ari dira Bizkaiko zaharren egoitzetako grebalariak, Bilbon. Lan gatazka gizarteratu nahi dute; aldundiari eta sektoreko patronalei eskatu diete aldarrikapenak onartzeko.

Arriaga antzokiaren eta itsasadarraren artean kokatu dute karpa. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2017ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Berde kolorea, Bilboko bihotzean. Kamiseta berdeak, dozenaka, eta pankarta erraldoi bat. Bizkaiko zaharren egoitzetako langileek lan eremutik atera dute gatazka, euren eskaerak herritarrei ezagutzera emateko asmoz. Arriaga antzoki alboan jarri zuten karpa bat atzo, eta asteburu osoan egongo dira han, txandaka. Kultur arloko, alderdietako eta mugimendu feministako ordezkariak joango dira grebalariei babesa ematera.

Duela hamabost hilabete abiatu zuten greba, eta, dagoeneko, 200 lanuzte baino gehiago egin dituzte. «Gure eskakizunak bidezkoak dira, eta merezi ditugu: 1.200 euroko soldata, asteko 35 orduko lanaldia eta igandeko plusa igotzea, besteak beste», azaldu du Ainhoa Menendez langileen ordezkariak. Asteburuko ekintza hori baliatuko dute aldundiari eta sektoreko patronalei aldarrikapenok berriro gogorarazteko.

Izan ere, gatazka hasi zenetik gizarteratu dituzte eskakizunak, Menendezen hitzetan: «Uste dut herritarrek badakitela zertan ari garen, baina, norbaitek ez bazekien, kanpaldiarekin gatazka ezagutuko duela espero dut».

Babes zabala, karpapean

Kanpaldiaren lehen egunean, besteak beste, Babestu elkarteko kideak gerturatu ziren; zahar etxeetako erabiltzaileen senideek osatzen dute. Suhiltzaile batzuk eta EH Bilduko ordezkariak ere egon ziren grebalariekin. Gainera, La Otxoa, Las Kapritxosas clown taldea eta Puro Luegoren emanaldiak izan ziren karpapean. Gaur, pintxo lehiaketa egingo dute, eta Irantzu Varela eta Josebe Iturriotz militante feministen bisita jasoko dute. Bihar amaituko dute kanpaldia, ekitaldi batekin. Bernardo Atxagak, Garik, Ane Guriak eta Las Fellinik parte hartuko dute.

Grebalariek ez daukate argi gatazkaren inflexio puntuan ote dauden, baina uste dute kanpaldia beharrezkoa dela. «Hirutan eskatu dugu baimena, eta, azkenean, eman digute. Gatazka gizarteratzeko eta jende gehiagorengana iristeko modua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.