EZARIAN. KIRGIZISTAN. Mendi eta zaldien lurraldea

Orain dela hogei urte sortutako herrialdeak bigarren estatu kolpea jasan berri du. Liskarrez harago, Kirgizistanek badu xarma berezi bat, mendi garaien artean eta herritar abegikorren bihotzetan ezkutatzen dena.

Haize Galarraga
2010eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Bixkekeko irudi latzak eman zituzten komunikabideek apirilaren 7an. Irudi horietan, istilu gogorrak agertzen ziren: manifestariek lehendakaritza eta gobernua hartzen dituen jauregi zuriari erasotzen zioten bitartean, Poliziak, neurririk gabe, manifestariak tirokatzen zituen.

1991n Kirgizistanek independentzia lortu zuenetik gertatu den bigarren estatu kolpea izan zen hura. Lehenengoa, 1995ekoa, Tulipanen iraultza gisa ezagutu izan den altxamendua, baketsua izan zen. Oraingoan, aldiz, laurogei bat lagun hil dira liskarretan, eta, ondorioz, Bakiev presidenteak hegoalderantz ihes egin behar izan du lehenik, eta Kazakhstanen hartu berri du babesa. Rosa Otunbaievak hartu du Bakieven lekua; lehenengo iraultzan ere parte hartu zuen Otunbaievak. Beste konstituzio bat idatzi eta hauteskundeak berriz egingo dituela hitz eman ondoren hartu du kargua.

Baina, non dago Kirgizistan? Asiako mapa begiratuta, gutxi gorabehera erdi-erdian dago. 1991. urtean Sobietar Batasuna desagertu zenean, perretxikoen modura agertu ziren hainbat herrialde, eta, horien artean, Europatik urrunen geratu diren Erdialdeko Asiakoak. Horien artean, txikienetan bigarrena da Kirgizistan edo Kirgizistango Errepublika, bere izendapen ofizialean. Kazakhstan du mugakide iparraldean, Txina ekialdean, eta Tajikistan eta Uzbekistan hegoaldean.

Tien Shan -Zeruetako Mendiak, txinatarrez- mendien mendebaldeko lurralde malkarrek osatzen dute Kirgizistan. Mendien artean, Lenin (7.134m), Pobeda eta Jengish (7.498m) eta Khan Tengri (7.010m) dira ezagunenak. Ez da harritzekoa lurralde hauek mendizaleen artean aspaldidanik ezagunak izatea. Oraindik ere mendizaleek osatzen dute Kirgizistanera biltzen diren kanpotarren kopuru esanguratsu bat.

Kirgizistanek bi eremu lau ere baditu: Bixkek hiriburuaren inguruak iparraldean eta Ferganako bailararen zati kirgiziarra hegoaldean. Iparraldearen eta hegoaldearen arteko bereizketa nabaria da arlo askotan. Esate baterako, iparraldean, jatorri kirgiziarreko biztanleak ez ezik, errusiar jatorrikoak ere bizi dira; eta hegoaldean, berriz, uzbekistandarrak dira gutxiengo handiena.

Errepide bakarra dago iparraldea eta hegoaldea lotzen dituena. Errepide hori uda partean bakarrik irekitzen dute, 3.000 metrotik gorako zenbait mendate zeharkatzen baititu, tartean Too Ashuu mendatea (3.586 m). Zailtasun horretaz baliatu zen Bakiev, kendutako presidentea, bere hegoaldeko Jalal-Abadeko gotorlekuan babesteko, estatu kolpea hasi eta berehala hegazkinez ihes egin baitzuen Ferganako bailarara. Fergana bailaran ditu Bakievek jarraitzaile gehienak, Jalal-Abad eta Ox hirietan, nahiz eta, azkenean, hark uste baino sostengu txikiagoa izan duen.

Zetaren bidean, derrigorrezkoa da Oxetik igarotzea Samarkandarako bidean. Garai batean, Txinatik etortzen ziren karabanek, txinatar kamioi astunak gaur egun, geldialdia egin behar izaten zuten Oxen, Xinjiang-eko Kashgarren igoera hasi eta Torugarteko mendatetik (3.752m) igaro ondoren. Garrantzia logistiko horrek garatu zuen gaur egun arte iraun duen Oxeko bazar txundigarria. Bitxi saltzaileen eremuan, arotzenean, errementarienean, alfonbra saltzaileenean, harakinenean, okinenean edota bizikleta saltzaileenean, nahi den gauza oro eros daiteke. Horrelako bazarrekin, ez da harritzekoa Kirgizistanen ia merkataritza zentro modernorik ez egotea. Esan daiteke bakarra dagoela, Bixkeken erdialdean, hiriburuko bazarrak zertxobait kanpoaldera gelditzen direlarik.

Ekonomia, gorantz

Sobietar Batasuna erortzearen ondorioz, Kirgizistango ekonomiak hondoa jo zuen; azken hamar urteetan, baina, pixkanaka gorantz joan da. Oraindik ere ekonomia, nekazaritza eta abeltzaintzan oinarritzen den arren, Kirgizistan aberatsa da urrea, uranioa, gasa, ikatza eta gisako baliabide naturaletan.

5,5 miloi biztanlek eta laurogei etnia inguruk osatzen dute Kirgizistango populazioa, Euskal Herriaren bikoitza gutxi gorabehera. Independentzia garaian zenbait liskar izan baziren ere, bizikidetza baketsua daramate, eta ez da harritzekoa uzbekistandarrak eta kirgizistandarrak mahai berean tea hartzen ikustea, te beltza batak eta te berdea besteak. Erraz bereiz daitezke euren txapelei so eginez, kirgiztandarren al kalpak txapelak nabarmen desberdintzen baitira uzbekistandarren dopy txapeletatik. Oro har, uzbekistandarrak eroso bizi dira Kirgizistanen, euren izaera errespetatu egin izan da, nahiz eta orain arteko agintari eserleku gehienak kirgizistandarren esku egon diren. Gaur egun, Kirgizistango uzbekistandarren eskaera nagusia da euren hizkuntzan ikasteko eskubidea; aukera egon badago, baina urria eta kalitate txarrekoa omen da.

Kirgizera eta errusiera

Kirgizistanen, kirgizera eta errusiera dira hizkuntza ofizialak. Kirgizera hizkuntza turkikoa da, kazakheraren oso antzekoa eta uigurrera eta uzbekeraren gertukoa. Errusieraz egiten den bezala, kirgizera ere alfabeto zirilikoa erabiliz idazten da, Txinan bizi diren kirgizistandarrek arabiar alfabetoa erabiltzen duten arren. Kirgizeraren erabilera oso zabalduta dago, batez ere kirgizistandar eta uzbekistandar etnien artean. Arraroa da, ordea, kirgizeraz mintzo diren errusiar jatorriko herritarrak topatzea.

Issyk Kul lakuak erakartzen ditu bisitari gehienak. 1.600 metrotara dagoenez, munduko bigarren mendiko lakutzat hartzen da, Titikakaren ondoren. Urte osoan gainak elurtuta izaten dituzten mendilerroz dago inguratuta. Berezitasun horrek txundituta uzten du lakua bisitatzen duen oro. Bere ur garbiek eta udako tenperatura epelek, turista kirgizez gain, kazakhstandar eta errusiarrak erakartzen dituzte, nahiz eta oraingoz masifikaziorik ez dagoen. Izan ere, boom turistikoa ez da iritsi Issyk Kul lakura. Txolpon Atan izan ezik, zaila da hotelen bat aurkitzea kostaldeko herrietan, eta, gaur egun, ohikoena bertako familiek alokatzen dituzten geletan lo egitea da.

Turismoa erakartzeko eta, bide batez, herritarrentzako diru sarrera osagarri bat lortzeko asmoz sortu zen CBT Community Based Tourism elkartea. CBTk eskaintzen duen zerbitzu nagusia ostatua da. Herri gehienetan aurki daitezkeen CBT bulegoetan, bertako familien etxeetan lo egiteko aukera ematen dute. Kirgizistanen barrena ibili nahi izanez gero, berehala konturatuko da bidaiaria zein abegikorra den Kirgizistango jendea. Uzbekistandar sedentarioek ez bezala, kirgizistandarrek izaera nomada dute, eta, ondorioz, beti agertzen dira prest bidaiari ezezagun batekin janaria banatzeko edota bidea erakusteko. Nomada izaera horren erakusgai da, baita ere, kirgizistandarren zaldiekiko miresmena. Atsotitz kirgizistandar batek dioenez, «zaldirik gabeko gizona hegorik gabeko txoria bezalakoa da». Edozein herritan, erosketak egitera edo eskolara zaldiz doan jendea ikus daiteke, eta, are gehiago, mendi aldera jotzen badugu. Mendietan bizi diren nomada ganaduzaleez aparte, hirietako kirgizistandarrek atsegin dute familia edo lagunekin mendira joan eta bertan otorduak egitea. Bidaiarientzat ere erraza da CBT elkartearen bitartez zaldiak alokatu eta bidean aurkitzen diren nomaden yurt-etan lo egitea edo otordu bat egitea. Inoiz ez da ordu txarra etxeko gurina nan izeneko ogian banatu eta te bero batekin goxo-goxo hartzeko.

Zaldiaz aparte, alde batetik bestera joateko era ohikoena maxrutka hartzea da. Maxrutka-k bidaiariak eramateko egokitutako furgonetak dira. Aurrealdean norakoaren izena izaten dute letra larriz idatzirik, hara joan nahi izanez gero, maxrutka-ri keinua egin eta prezioa negoziatzen da. Distantzia luzeak egiteko, autobus geltokietara joan beharra dago; maxrutka egokia bilatu eta guztiz bete arte zain egon beharra dago. Ez da harritzekoa, maxrutka ahal bezain azkarren betetzeko asmoz, bidaiariak ere helmugaren izena oihukatzen egotea autobus geltokiaren inguruan. Behin abiaturik, maxrutken espazio estutasunak uzten duen heinean, barneko giroa xelebrea eta ezohikoa izaten da. Familia osoak joaten dira, eserleku bakoitzean hiruna ume jarrita; baita buruan zapia daramaten hortz urredun andre koadrilak ere, lehen lerroko eserlekuan doan mozkorrak irratiko abestia abesten duela.

Bidaietan ez da kymys-ik falta. Kymysa hartzitutako behorraren esnea da. Ohituta ez dagoenarentzat nazkagarria izan daiteke, baina kirgizistandarrek aise edaten dute euren edari nazionala, hutsik ala vodkarekin nahasturik, etxean, kalean eta mashrutketan. Bigarren edari nazionala vodka dela esan daiteke. Janari denda batetara joan, eta ehun produktutatik hirurogei prezio eta kalitate askotako vodkak izan ohi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.