Egipto. Estatu kolpearen biharamuna

Anaia Musulmanen atxiloketekin hasi da Mursiren osteko Egipto

Anaitasuneko buruzagi gehienak atzeman arren, trantsizioan parte hartzeko dei egin die Mansur presidente berriak islamdarreiMursi Defentsa Ministerioaren egoitzan preso dagoela esan dute haren alderdikideek

Ion Orzaiz.
2013ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Mohamed Mursiren gobernuaren arrasto guztiak desagerrarazi nahi ditu Egiptoko armadak. Presidente ohiak iazko azaroan aldarrikatutako konstituzioa bertan behera uztea izan zen militarren lehen urratsa asteazkeneko estatu kolpearen ostean; atzo, berriz, gobernuko Askatasuna eta Justizia Alderdi islamdarreko goi kargudunak eta horren atzean dauden Anaia Musulmanen buruzagi gehienak atxilotu zituzten Egiptoko segurtasun indarrek. Asteazken gauean bertan eman zuten lider islamdarrak atzemateko agindua. Askatasuna eta Justizia Alderdiko presidente Saad el-Katatni eta Anaia Musulmanen buruzagiorde espiritual Mohamed Ratxad Baiumi izan ziren lehenak, baina horien ondotik, beste ordezkari asko ere atxilotu dituzte. Desordena publikoak eragitea leporatzen diete guztiei. Mena Egiptoko berri agentzia publikoaren esanetan, Torako espetxera sartu dituzte atxilotuak, Kairo hiriburutik gertu. Kartzela horretan preso dago Hosni Mubarak presidente ohia ere.

Horrez gainera, Anaia Musulmanen hamar kide auzibidean jarri ditu Egiptoko Fiskaltzak. Besteak beste, anaitasuneko buruzagi goren Mohamed Badhie, haren buruzagiorde Jairat el-Xater eta Mahdi Akef, Essam el-Erian, eta Mohamed el-Omda ordezkariak. Botere judiziala «iraintzea» egozten diete. Badhiek eta El-Xaterrek, gainera, Mursiren kontrako manifestariak hiltzeko deialdiak egin zituztela dio fiskaltzak.

Libya Herald egunkariaren esanetan, Libiara ihes egiten saiatu zen Badhie asteazkenean. Hori dela eta, Emsaadeko muga itxi zuten, eta hantxe atxilotu zuen atzo Egiptoko armadak. Libiako kazetaren arabera, gainera, Awlad Ali tribu beduinoaren laguntza jaso zuen buruzagi islamdarrak, eta tiroketa izan zen tribuko kideen eta armadaren artean. Lau beduino hil zituzten militarrek.

Mursi bera atxilo hartua dute, baina armadak ez du horren inguruko adierazpen ofizialik egin. Presidente ohia Defentsa Ministerioaren egoitzan dago, militarren esku, eta haren gobernukide batzuk, berriz, armadak hirian dituen beste eraikin batzuetan. Gihad Hadad Anaia Musulmanen bozeramaileak eman du horren berri Facebookeko bere kontuan.

Militarren jazarpenagatik protesta egiteko, dimisioa eman dute gobernuko Askatasuna eta Justizia Alderdiko ministroek. Ekintza sinbolikoa da, noski, Mursiren gobernua de facto deseginda dagoelako asteazkenaz geroztik, baina dimisio ofizialaren helburua «estatu kolpearen ondorioak salatzea» dela nabarmendu dute gobernukideek. Herri Administrazio, Gazteria, Enplegu, Inbertsio, Baliabide, Nazioarteko Elkarlanerako, Hezkuntza, Informazio eta Garraio ministroek utzi dute kargua.

Gaurko, berriz, aldarrikapen eta protesta eguna antolatu dute Mursi presidente ohiaren jarraitzaileek. Zilegitasunaren Aldeko Fronte Nazionala izeneko plataforma sortu dute indar islamdar gehienek —kanpoan gelditu da Al Nur alderdi salafista— eta «estatu kolpeari aurre» eginen diotela adierazi dute. Anaia Musulmanen ordezkari Mohamed el-Beltagik esan du «logikoa» litzatekeela islamdarrek indarkeriaz erantzutea militarren esku hartzeari: «Estatu kolpe honek indarkeriaren bidera bultzatuko ditu zenbait talde. Mursiren jarraitzaileen bortizkeriari nazioarteko komunitateak emandako babesa ikusita, askok pentsatuko dute hori dela bide zuzenena aldaketa eragiteko». Estatu kolpeaz geroztik, hamabost lagun hil dira Egipton, Mursiren jarraitzaileen eta segurtasun indarren arteko istiluen ondorioz.

Kargua hartu du

Atxiloketen eta bortizkeriaren gainetik, islamdarrek «Egiptoko trantsizioan» parte hartuko dutela esan zuen atzo Adli Mansur Auzitegi Konstituzionaleko buru eta Egiptoko presidente berriak. «Herriaren adiskidetzea eragingo du prozesu honek, inor kanpoan utzi gabe», esan zuen, karguaren zina egin osteko hitzaldian. Anaia Musulmanek berehala erantzun diote ez dutela presidente berriarekin kolaboratuko.

Bere agintaldia «behin-behinekoa» dela nabarmendu zuen Mansurrek, presidentetzarako hauteskundeak egin bitartean, eta hori «etorkizun hurbilean» gertatuko dela gaineratu zuen. Hitzaldian, eskerrak eman zizkien militarrei, «herriaren kontzientzia izateagatik eta hura babesteko kemena izateagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.