Kirgizistango jarduneko presidente Kurmanbek Bakievek garaipen eztabaidaezina lortu du igandean egin ziren presidentetzarako hauteskundeetan. Hauteskunde Batzorde Nagusiaren arabera, Bakievek bozen %88,65 lortu zituen. Kirgizistandarren herriaren defendatzaile eta islamiar moderatu Tursunbai Bakir izan zen bigarrena, bozen %3,93rekin. Industrialari eta Enpresarien Batasuneko buru Akbarali Aitikievek bozen %3,68 lortu zituen. Bakievek Presidentetzarako bidean pauso handia eman zuen, aurkari nagusi zuen Felix Kulovek atzera egin zuenean. Herrialdearen egonkortasunari eusteko eman zuen pauso hori, lehen ministro karguaren truke.
Analista ugarik esan zutenaren aurka, hauteskunde egunean eraso eta istilurik ez egon izanak ere martxoko matxinadaren buruzagiarentzat garaipen berri bat eragin du. Nazioarteko komunitateak eta nagusiki Mendebaldeak bozketa hauek Asia Erdialdean botere demokratikoaren lehen botere hartzea espero dute, eta erregimen autoritarioak nagusi diren inguruko herrialdeetan adibide izatea.
Pasa den martxoan, orduan Kirgizistango lehendakari zen Askar Akaiev agintetik bota zuen matxinadaren buruzagietako bat izango da lehendakari berria, beraz. Hauteskunde Batzorde Nagusiko buru Tiugunali Andreimovek adierazi du garaile atera den Bakievek eginiko matxinadarekin bat datozela hautesleak. «Herriak bere alde bozkatzeak iraultza horren helburuen alde bozkatzen duela adierazten du», gaineratu zuen.
Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundeak (ESKE) adierazi duenez, igandean izan ziren bozek aurrerapauso nabarmena eragin dute balio demokratikoei dagokienez, bozen kontaketan arazoak izan baziren ere. ESKEko eta Europako Batasuneko Kontseiluko Asanblea Parlamentarioko buru Kimmo Kiljunen harrituta agertu zen hauteskundeetan izan den parte -hartzeari dagokionez: hauteskunde agintaritzaren arabera, Kirgizistango bozetako parte- hartzea ia %75ekoa izan zen.
KIRGIZISTAN
Bakiev nagusitu da Kirgizistango lehendakaritzarako bozetan
Nazioarteko behatzaileek ontzat eman dituzte hauteskundeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu