«Informaziorik gabe jarraitzen dugu». Hala adierazi zuen atzo Irungo Harrera Sareak (Gipuzkoa) hilaren 24tik 26ra Miarritzen (Lapurdi) egingo den G7koen gailurraren atarian duten informazio falta. «Bileraren eraginez dauden kontrol hertsiak ikusita, eta muga ixteko aukeraren aurrean, Irunen blokeatuta gera daitezkeen migratzaileekin ez dakigu zer neurri hartuko diren», azpimarratu zuten San Juan plazan eginiko agerraldian.
Uda honetan Espainiako hegoaldetik migratzaile gutxiago iristen ari dira, baina azken asteetan sareak salatu du iazko jardun bera darabilela aurten ere Frantziako Poliziak: Lapurdiko muga gurutzatzea lortzen duten migratzaileak itzularazi egiten dituzte. Gainera, Irungo Martindozenea aterpetxean Gurutze Gorriak aplikatzen dituen irizpideak «murriztaileak» direla nabarmendu dute, eta, ondorioz, migratzaile asko «kale gorrian» geratzen ari direla, zentroa beteta ez egon arren.
Egoera horrek okerrera egin dezake datorren astean, goi bileraren harira izango diren kontrol neurrien eraginez. Ildo horretan, erakunde publikoen jarrera kritikatu du Irungo sareak. Izan ere, oraindik ez dakite irizpide berberak mantenduko diren ala «salbuespenezko neurriak eta irizpideak» ezarriko dituzten. Uda hasieran Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen pasaeran doazen etorkinentzako harrera baliabideak areagotuko zituela, baina horri buruzko informaziorik oraindik ez dute jaso Irunen. «Instituzioek ez dituzte hartu beharreko neurriak hartu, eta gure eskuetan utzi dute ez dagozkigun arazoei irtenbidea ematea», adierazi du sareak.
G7koen goi bilera
Irungo Harrera Sareak «informazio falta» salatu du G7aren atarian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu