Bi taldeen bilakaerak ikusita, nekez irudika zitekeen bestelako emaitzarik. Hondoa jota dago Eibar, eta eroso ari da Reala. Orain arteko irudi horien islada bat izan zen atzo Ipuruan jokatu zuten derbia. Realak irabazi zuen (0-1), eta Europa ligara sailkatzeko lehian abaila hartu dute txuri-urdinek, Espainiako Liga amaitzeko sei jardunaldiren faltan. Aldiz, datorren sasoian txapelketa horretan aritzeko ilusioa apaltzen ari zaio talde armaginari. Itzaltzen ari da Eibar.
Distira gutxiko neurketa izan zen, baina ondoen ari den taldea nagusi izan zen markagailuan. Bere neurketarik onena jokatzetik urrun, eraginkortasuna baliatu zuen Realak. Beste muturrean dago Eibar. Joko gatzila egiten dute Jose Luis Mendilibarrenek; 51. minutuan egin zuen lehen arriskuko jokaldia. Suspertu beharrean denak ezin ditu aurreko minutu guztiak probestu gabe utzi.
Aldarteak baldintzatzen omen du soropileko jarduna. Agerian geratu zen hori atzo. Bi taldeek gutxi egin zuten neurketan zehar, baina batzuen poza besteen tristura izan zen. Realari nahikoa izan zitzaizkion pare bat jokaldi distiratsu garaipena lotzeko.
Alexander Isakek izan zuen horren ardura. Une onean dago aurrelari suediarra, eta konfiantza horrek lagundu egiten dio kontrarioren atearen aurrean.Atzo ere, aldez eta moldez saiatu zen baloia Marko Dimitrovicen atean sartzen. Atezain serbiarraren zango artetik egin zuen lehen gola, 26. minutuan.
Geldikako jokaldi batean aurreratu zen Reala. Mikel Oiartzabalek ateratako korner batean, Robin Le Normandek ukitu zuen baloia, eta Isakek oztoporik gabe egin zuen errematea. Hutsa egin zuen eibartarren atzeko lerroak, eta halakoetan asmatu ezina lasta handia da azken postuan sailkatuta dagoen talde batentzat.
Hortik aurrera, maldan gora aritu ziren armaginak. Realak, berriz, patxadatsu moldatzeko beta izan zuen atsedenaldira artean.
Bigarren partean hobeto ekin zioten etxekoek, nahitaez erasora jo beharrean. Gol aukera argiena Isakek izan zuen, ordea. Huts egin zuen Dimitrovicen aurrean bakar-bakarrik zela. Eibarrek aurrerako urratsa egin zuen, baina errematerik gabe ez da golik lortzen. Anaitz Arbillak falta jaurtiketa on bat egin zuen 87.ean, baina kale. Amaieran, 0-1. Garaipen horrekin, Realak gertuago du Europa. Eibarrek, tamalez, Bigarren Mailako infernua.
Sasoia nola, derbia hala
Realak 0-1 irabazi dio Eibarri, eta urratsa egin du Europarako bidean. Armaginek oso zaila dute datorren urtean Lehen Mailan aritzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu