Eskuinak eta zentroak 200 urtez nagusitasuna izan ondotik iritsi zen Georges Labazee (1943, Viven, Okzitania) Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidente izatera, 2011n. Hauteskunde eta erreformen zurrunbiloaren erdian, departamenduak gizarteari loturik segi dezan nahiko luke.
39 urtez izan zara Pirinio Atlantikoetako kontseilari. Zer garapen ikusi duzu urteotan?
Thezeko kantonamenduko [Biarno, Okzitania] hautetsi izan naiz: landa eremuko kantonamendu txiki bat zen hautatu nindutenean, 3.423 biztanlekoa. 39 urte geroago, 7.000 biztanletik gora bizi dira: populazioa bikoiztu da. Aldaketa sakonak gertatu dira populazioaren emendatzean, etxebizitza berrietan... Eragin handia du horrek guziak hornidura logistikoan, eskoletan, baina baita bertze arloetan ere. Lurraldeak, oro har, eraldaketa handiak izan ditu. 39 urtez lurralde hori lagundu dut, bereziki herritarrentzako zerbitzuetan, haurtzaroko politiketan, adineko pertsonen alde, hezkuntzan, ingurugiroan... Saiatu naiz Kontseilu Nagusira eramaten genituen politikak departamendura zabaltzen.
Departamenduko lan egiteko moduak ere aldatu dira. Duela 40 urte arduratzen ginen oinarrizko hornidurez, hau da, telefonoaz, uren garbitzeaz, landa eremuko hezkuntzaz... 40 urte beranduago hitz egiten dugu garapen ekonomikoaz, enpleguari loturiko jarduerez, etxebizitzaz... Eta gero, bereziki, lurraldearen parte izatearen sentimendua aldatu da. Duela 40 urte ez zen hitz egiten herri eta hiri elkargoez, adibidez, ezta ere gizarte politikez gaur egun mintzatzen garen bezala. Hautatua izan nintzenean estatuko zerbitzuek agintzen zuten departamenduan; gaur egun, aldiz, hautetsiek dute boterea.
Ezkerreko lehenbiziko presidentea izan zara. Zer ekarpen egin diozu departamenduari?
Pirinio Atlantiko solidario, berritzaile eta iraunkorrak leloaren pean iritsi ginen. Politika solidarioak bi eskemaren baitan garatu ditugu: alde batetik, haurtzaroa eta familiari lotuta, eta, bertzetik, adineko eta behar bereziak dituzten pertsonen autonomiari begira. Elkartasuna kokatu dugu gure proiektuaren bihotzean. Bigarrenik, berritzaileak izan gara. Hezkuntzan, adibidez, kolegioak modernizatu ditugu: eraikinak berrituz, baina baita hezkuntzako eduki garrantzitsuekin ere, digitala txertatuz, behar gehien duten familiei lagunduz, kalitatezko elikagaiak txertatuz jantokietan... Eta hirugarrenik, garapen jasangarriari kasu egin diogu, eta lurraldeekiko elkartasuna ere atxiki dugu: lurralde kontratuetan, adibidez. Pirinio Atlantikoetako biztanleekiko harremanak aldatu ditugu, finean; edo hori nahi izan dugu, bederen. Eta ahantzi gabe, eskualdeko hizkuntzak eta kulturak: horietan ere indar handiak egin ditugu. Erraterako, aurten Euskararen Erakunde Publikoari milioi bat eurotik goiti emanen dizkiogu.
Zer balorazio egiten duzu zehazki zure agintaldiaz?
Hori herritarrei eta hautetsiei galdetu beharko diezu.
Ez zara berriro kontseilari izateko aurkeztuko martxoan.
1976an izan nintzen hautatua lehen aldiz. 26 urte nituen bizitza publikoa hasi nuenean, eta orain, 70 urte pasatxo ditut jada. Kontseilu Nagusiari 39 urte eskaini dizkiot, bertze 29 Akitaniako Eskualde Kontseiluari, nire herriko udalari 30, diputatu izan naiz bost urtez, eta 2017ra arte senatari izanen naiz. Uste dut lekukoa pasatu behar dudala; horregatik ez naiz aurkeztuko. 40 urte bizitza publikoari eskaintzea, ez da gaizki.
Ezkerrak ba ote du aukerarik berriz irabazteko?
Lau urtez lan anitz egin dugu. Orain, balorazioa egin eta heldu diren bost urteetarako proiektua prestatzen ari gara. Hortik landa, hautesleek erabakiko dute. Testuinguru zaila da ezkerrarentzat, eta beraz, borroka zaila izanen da berriro irabaztea. Espero dut, halere, ene kideek lortuko dutela.
Hala balitz, nork hartuko luke zure lekua?
Ez dugu oraindik eztabaidatu: martxoan ikusiko dugu.
Erraten dute abstentzioa handia izanen dela. Beti hautagai berak aurkezteak ba ote du eraginik?
143 hautagai daude, eta horietatik 35 dira berriz aurkezten direnak, baina 108 berriak dira. Ez zait iruditzen beti berdinak direnik...
Abstentzioa zeren ondorio izan daiteke, orduan?
Nik konfiantza egiten dut zugan jendea bozkatzera akuilatzeko, kar-kar-kar... Komunikabideak dira jendea bozkatzera bultzatu behar dutenak. Bozkatzea ekintza herritar bat da. Aspertua naiz beti kexaka ari den jendeaz baina gero bozkatzera joaten ez denaz. Demokrazia aukeratzeko gaitasuna da: garrantzitsua da bozkatzera joatea.
Zer espero duzu bozez?
Espero dut jendeak ulertzea Departamendu Kontseiluak garrantzia duela haurren, adineko jendearen eta garraioaren politiketan. Eguneroko bizitza da.
Lurralde erreformaren eztabaida ere pil-pilean dago. Asanblea Nazionalean hasiko dira orain aztertzen. Zer aldaketa izan ditzakete departamenduek?
Oraingoz aldatu ez direna gizarte eta lurralde eskumenak dira. Kontseiluarenak izaten jarraituko dute kolegioek ere. Eztabaida handiak memento honetan garraio eta errepideen inguruan daude. Ikusiko dugu zer ateratzen den Asanblea Nazionaletik. Gaur [atzo] arratsean hasiko da eztabaida, eta heldu diren egunetan jakinen dugu gehixeago.
Senatari gisa egin duzu proposamenik?
Bai: senatuan zuzenketa bat jarri nuen, eskatuz bereziki kolegioak departamenduaren esku geldi zitezela. Senatuak onartu egin zidan proposamena, eta Asanblea Nazionalean ere segituko dute horretaz eztabaidatzen.
Georges Labazee. Pirinio Atlantikoetako presidentea
«Zaila izanen da ezkerrak irabaztea»
Departamenduko presidente karguarekin bat utziko du Kontseilu Nagusia Labazeek. Pirinio Atlantikoetako lehen buru sozialista izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu