«Itxialdi adimenduna» deitu dutenaren aldeko apustua egin du Suediak COVID-19 gaitzari aurre egiteko. Europako hainbat herrialdek egin dutenaren kontrara, ez du derrigorrezko itxialdirik ezarri, nahiz eta zenbait jarduera mugatu dituen. Pertsonen arteko kontaktua ahal bezain beste murrizteko eskatu die gobernuak herritarrei, eta haiekiko konfiantzan oinarritu ditu segurtasun neurriak. Suediaren estrategiak eztabaida bizia piztu du herrialdean eta handik kanpo. Askatasun indibidualak ahalik eta gutxien mugatzeak ordaina izan duela diote kritikoek, heriotza tasa askoz ere handiagoa baita Suedian inguruko estatuetan baino. Txanponaren beste aldean daude Grezia eta Portugal: beren gertuko herrialdeetan baino heriotza tasa baxuagoa izatea lortu dute, oso bestelako neurri goiztiarrak hartzeari esker.
Suediaren heriotza tasa Danimarkakoa halako lau da, Finlandiakoa halako zortzi, eta Norvegiakoa halako bederatzi. 35.000 kasurekin eta 4.200 hildako baino gehiagorekin, munduan heriotza tasarik handiena duten estatuetan zortzigarren da, San Marinoren, Belgikaren, Andorraren, Espainiaren, Erresuma Batuaren, Italiaren eta Frantziaren atzetik.
Datu horiek oso bestelakoak izan zitezkeela uste dute Suediako Gobernuaren estrategiaren kontrakoek. Haien iritziz, gobernuak neurri gogorragoak hartu behar zituen hasieratik. Hala, Suediako hainbat unibertsitatetako hogei bat ikertzailek «atzera egiteko» eta «hutsegiteak aitortzeko» eskatu zioten apiril amaieran gobernuari, eskutitz ireki batean, eta jarrera horrekin bat egin duten ahotsak ugaritu egin dira azken asteetan.
Horien artean, oihartzun handia izan du Annika Linderenak. Suediako Osasunerako Agentzia Publikoko epidemiologoburu ohia da Linde, eta hark gidatu zuen SARS-CoV-2 koronabirusaren kontrako estrategia estatuan. Orain arte gobernuak hartutako neurriak babestu dituen arren, heriotza tasaren datuek iritziz aldatzera bultzatu dute. Haren esanetan, gobernuak neurri zorrotzagoak hartu behar zituen kutsatzeari eusteko. «Pentsatzen dut prestatzeko denbora gehiago behar genuela. Neurriak goiz hartu izan bagenitu, denbora horretan zaurgarrienak babesteko beharrezko baliabideak bermatu ahalko genituzkeen». Tarte horrek kasu asintomatikoen arriskuari arreta handiagoarekin erreparatzeko aukera emango zuela ere aipatu du. Andreas Tegnell egungo epidemiologoburuaren iritziz, berriz, neurri zorrotzagoak hartzeak ez zituzkeen datuak nabarmen aldatuko. «Ez dut uste askoz ere gehiago egin genezakeenik».
Gobernuak ere orain arteko bidea babestu du. «Luzera begirako ikuspegia» dela adierazi zuen asteartean Ann Linde Atzerri ministroak. COVID-19 gaitzaren kontrako lasterketa «maratoia» dela nabarmendu zuen, eta «ez esprint bat». Finean, Suediaren estrategia gainerakoen bera dela ziurtatu zuen: «Kutsatuen eta hildakoen kopurua murriztea, osasun sistemak gainezka ez egitea eta ekonomiaren eta enpleguaren gaineko ondorioak ahalik eta gehiena murriztea».
Neurri malguagoak
Europako gainerako herrialdeetan baino neurri arinagoak ezarri ditu Suediak. Ikastetxeak, gimnasioak, jatetxeak eta tabernak irekita mantendu dituzte —gutxieneko distantzia soziala gordeta— eta herritarrek 50 lagunera arteko taldeetan biltzeko aukera izan dute.
Suediak kutsatzeen eta hildakoen hazkundea moteltzea lortu du, eta egoera ez da osasun sistema kolapsatzeko besteko larria izan. Hala ere, adinekoak babesteko neurri egokiak hartu ez izana leporatu diote askok gobernuari, heriotzen %70 adinekoen egoitzetan gertatu direla eta. Kritikoek gobernuari egotzi diote zahar etxeetako bisitak garaiz ez mugatu izana —apirilaren 1ean debekatu zituen— eta langileen eta egoiliarren babeserako material nahikoa ez banatzea.
Koronabirusaren aurkako neurri zorrotzagoak hartzeari uko egitearen atzean taldeko immunitatea ahal bezain azkar lortzeko helburua ezkutatzen dela uste dute askok, eta estrategia horren kontrakoek gobernuari leporatu diote herritar ugariren heriotza balekotzat jotzea, jarduera ekonomikoa mantentzearen truke. Gobernuak behin eta berriz ukatu du taldeko immunitatea lortzea dela bere helburu nagusia, eta hasieratik adierazi zuen herritarren portaerarekiko konfiantza; ziur agertu zen «pertsona nagusiak» bezala jokatuko zutela. Gaineratu zuen talde immunitatea neurrien ondorio bat izango dela, izatekotan.
Osasunerako Agentziaren kalkuluen arabera, Stockholmeko biztanleriaren %40 immunizatuta egongo da ekainaren erdialderako. Baina hainbat zientzialarik zalantzan jarri dute aurreikuspen hori, agentziak berak apirilaren hasieran egin zuen azterketaren emaitzak ikusi ondoren. Azterketak jasotzen duenez, hiriburuko biztanleen %7,3k garatu zituzten COVID-19aren kontrako antigorputzak ordurako.
Arlo ekonomikoan, «itxialdi adimendunak» ez du lortu Suedia datu ezkorretatik libratzea. Gobernuaren arabera, BPGaren jaitsiera %10era irits daiteke aurten, eta langabezia %13,5era arte handitu —egungoa halako bi—.
Gobernuak negozioak ixteko agindu ez badu ere, nazioarteko egoerak enpresen jarduera baldintzatu du. Suediako ekonomia oso irekia dago nazioartera, eta BGParen erdia esportazioetan oinarritzen da. Horrez gain, hainbat enpresa handik zenbait lan eten behar izan dituzte, hornidura inportatzeko ezintasunagatik. Bestalde, itxialdirik indarrean ez izanagatik, herritarrek gobernuaren gomendioak jarraitu dituzte oro har, eta barne eskariak behera egin du; bereziki, ostalaritzan.
Suediak bezala, Herbehereek ere «itxialdi adimendunaren» alde egin zuten. Mark Rutte lehen ministroak martxoan ziurtatu zuen posiblea zela birusaren hedatzea moteltzea eta «aldi berean taldeko immunitatea lortzea modu kontrolatu batean». Bitartean, talde zaurgarrienak babesteko beharra nabarmendu zuen. Derrigorrezko itxialdirik izan ez arren, Suedian baino neurri zorrotzagoak hartu dituzte. Esaterako, zenbait jarduera debekatu zituen gobernuak, eta itxi egin zituen eskolak, haurtzaindegiak eta unibertsitateak nahiz tabernak eta jatetxeak. Neurri horiek pixkanaka hasi ziren arintzen maiatz hasieran. Herbehereek kutsatzeen eta heriotzen eguneko kopurua murriztea lortu dute, baina, hala ere, heriotza tasa altuena duten estatuetan bederatzigarrena da, Suediaren atzetik.
Ifrentzua
Suediaren oso bestelako bilakaera izan dute Greziak eta Portugalek. Beren mugen ondoan dituzte koronabirusak kalte handien egin dien herrialdeetako batzuk—Espainia, Portugalek; Italia eta Turkia, Greziak—, baina heriotza tasa askoz ere baxuagoak dituzte —Portugal 20. herrialdea da zerrendan, eta Grezia, 72.a—.Bi herrialde horietara Espainiara eta Italiara baino beranduago iritsi zen birusa, eta abantaila hori baliatu zuten gaitzaren hedatzea eragotziko zuten neurri zorrotzak eta goiztiarrak indarrean jartzeko.
Greziak ikastetxeak eta unibertsitateak itxi zituen martxoaren 11n, koronabirusak lehen hildakoa eragin zuen egunaren bezperan, eta bi egun geroago taberna, jatetxe eta kulturguneetara hedatu zuen debekua. Herritarren itxialdi orokorra martxoaren 23an ezarri zuen, 695 kutsatu eta 17 hildako zituela. Portugalen ere azkar ibili ziren neurriak hartzerakoan. Lehenengo kasua martxoaren 2an baieztatu zen, eta 11 egun geroago alerta egoera deitua zuen gobernuak. Orduan, 112 kutsatu zituen, eta hildakorik ez. Neurri gogorragoak agindu zituen martxoaren 18an, larrialdi egoera ezartzearekin batera: derrigorrezko itxialdia eta funtsezkoak ez diren jarduera oro etetea. 642 kutsatu eta bi hildako ziren Portugalen orduko datuak. Erabakiak garaiz hartzea gakoa izan zen birusa beste herrialde batzuetan baino motelago hedatzeko.
Emaitzek islatzen dute neurriak eraginkorrak izan direla. Grezian, 2.900 kutsatu baino gutxiago atzeman dituzte, eta koronabirusarekin hildakoak 173 dira. Portugalen, 31.300 inguru dira kasu positiboak, eta 1.350 inguru hildakoak.
Portugalek eta, bereziki, Greziak kalte ekonomiko handiak izan zituzten 2008ko krisiaren ondorioz, eta orduko egoerak bi herrialde horietako osasun sistema publikoak ahuldu zituen. Gabezia horien jakitun, Europan lehen agerraldiak sortu zirenetik, gobernuek oso kontuan izan dute birusari hedatzen utziz gero osasun sistemak gainezka egiteko arriskuan zeudela, eta arriskuaren kontzientzia horrek berak beste herrialde batzuk baino zuhurrago jokatzera bultzatu ditu.
Pandemiaren lehen olatuari eutsi ostean, Greziak eta Portugalek oreka bilatu beharko dute birusa berriz agertzea eragozteko eta, aldi berean, ekonomia martxan jartzeko. 2008ko krisiak higatuta, beste atzeraldi bati egin beharko diote aurre, eta hura ahalik eta gehien laburtzea da helburua, osasun publikoa zaintzearekin batera. Bi estatuek turismoarekiko menpekotasun handia dute, eta atzerriko bisitariei ateak irekitzea beste aukerarik ez dute sektorea aktibatzeko .
Koronabirusa munduan
«Itxialdi adimenduna» ordaindu du Suediak
Europako estatuen artean, Suediak neurri malguenak hartu ditu COVID-19aren aurka. Danimarkak, Norvegiak eta Finlandiak baino heriotza tasa handiagoa du. Portugalek eta Greziak emaitza hobeak lortu dituzte, neurri goiztiarrei esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu