EAJ eta Sortu ez datoz bat HNTrekin, baina argudio desberdinekin

Erredakzioa
2015eko urriaren 17a
00:00
Entzun
HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldearen txostenaz berehala mintzatu dira EAJ eta Sortu, mezurik zuzenena jaso duten eragileak, eta, argudio desberdinak erabili arren, ez datoz bat harekin. Alderdi jeltzaleak esan du «eskertzen» dituela HNTren «ekarpenak», «baina EAJ ez dator bat Brian Currinek gidatzen duen taldearen ikuspegi ezkor eta dramatikoarekin». Sorturen iritzian, «kontuan hartu beharreko» txostena da, baina ez du uste, HNTk esan bezala, EAJrekin duen desadostasuna iraganari buruzko interpretazioaren erredakziora mugatzen denik. «EAJk eta Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza sailak obsesioa dute guk haien kontakizuna irents dezagun».

EAJren izenean Iñigo Iturrate legebiltzarkidea mintzatu da, Gasteizen emandako prentsaurreko batean. Hark ere onartu du arazoak daudela akordioak lortzeko, eta prest azaldu da konponbiderako «Euskadiko» alderdi guztiekin dituzten harremanei eusteko. «EAJk elkargunerako abagune bila jarraituko du; bereziki, Sorturekin —zubiak ez daude apurtuta—. Baina aukera horiek ez dute ezertarako balio borondate politikorik ez badago».

Kontakizun desberdinak

Sorturen izenean Pernando Barrena bozeramaileak hitz egin du, Donostian prentsa agerraldi bat eginda. Haren iritziz, EAJrekin ere ados jartzeko «ezinbestekoa da iraganeko kontakizun ezberdinak daudela onartzea, Kolonbian ikusi bezala». Barrenak adierazi du ezker abertzaleak aitortzen dituela Euskal Herrian «indarkeria mota ezberdinek sorturiko mina eta sufrimenduak», ETAk eragindakoak barne, «baina egun biktima guztien aitortzaren posizioa ezker abertzaleak soilik du».

Gatazkaren ondorioen konponbiderako «oztopoa» Madril dela azaldu du Sortuk, eta iritzi dio espetxe politikaren aldaketa, biktima guztien aitortza eta ETAren armagabetzea behar direla. Esparru politiko, instituzional eta sozialean elkarrizketa bultzatzeko borondatea agertu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.