Bere fruituengatik ezagutuko dituzue. Nafarroako erakundeak osatzeko antzezlan luzean, lehen atala amaitu zen atzo: udalena. Bibliako esaldi ezagun horrek adierazten duen moduan, hitzek bainoago ekintzek islatzen dute modu argienean borondatea. Aurreko astean, PSNk borondate irmoa adierazi zuen «ezkerreko gobernu aurrerakoiak» osatzeko; orain, berriz, haren ekintzek kontrakoa aditzera eman dute. Ahal izan duten tokietan, aginte makila eskuratu dute, babesak lortuta ezkerretik (Erriberri, Andosilla) edo eskuinetik (Caparroso, Sartaguda, Beriain eta Uharte). Gainerako udaletan, berriz, eskuinaren udal gobernuak posible egin dituzte: Iruñea, Barañain, Lizarra, Eguesibar, Burlata... Adierazgarria.
Horregatik, gustu txarreko txantxa dirudi PSNk ateratako oharra. Euren ikuspegitik, akordio aurrerakoiak aurrera atera dituzte «ahal izan den tokietan». Euren irizpidea izan da hautagai sozialisten alde egitea «alkatetzarik ez emateko ez eskuinari eta ez eta Bilduri ere». De facto, eskuinari eman dizkiote. Berriz ere, hitzen gainetik, ekintzak.
Ezer negoziatu gabe, gainerakoen botoak eskuratu nahi izateak —Lizarran eta Iruñean ahalegindu bezala— xantaia joko batera mugatzen du politika: edo ni, edo eskuina. Tabula rasa horretan, eskuina garaile. Zilegitasun guztia du alderdi orok nahi duena egiteko, baina ez dezatela orduan diskurtsorik zuritu. Bestela, hitzaren eta ekintzen arteko alde handi horrek iruzur kutsu handia du. Bai, egia da PSNko agintari asko eta boto-emaile asko erosoago bizi izan direla UPNren eskutik helduta; baina egia da, era berean, euren diskurtsoarekin oraindik ere hainbat herritar nahastea lortzen dutela.
Nafarroako politika nahasten duten bezala. Elkarbizitzari begira, udal eta foru erakundeek hartuko duten kolore politikoaz harago, arriskutsua baita sozialisten jokabidea. EH Bildu, udal hauteskundeetan, bigarren indarra izan zen (67.000 boto), eta hautetsi kopuruan, lehen indarra (320). Horregatik, EH Bildurekin negoziatu nahi ez izatea ere kezkagarria da. Ferrazek ezarritako marra gorri hori bere egin dute Sarasaten, egin dutenaren eta egin nahi dutenaren koartada egokiena baita. Apartheid politikoak iraganeko gauza izan behar luke, baldin eta politika lubakiz josi nahi ez bada.
Atzoko mapa politikoaren irakaspen nagusia da PSN erabakigarri izan ez den tokietan akordioa gauzatu ahal izan dela (Zizur Nagusian edo Tafallan). Duela lau urte, udaletan gertatu zen aldaketa handia, neurri handi bateanPSNk erabakigarri izateari utzi ziolako. Orain, erabakigarritasun hori berreskuratu duenean, Navarra Sumak agindu du; euren arerioak eskuina ez baizik balizko bazkideak balira bezala.
Horregatik, Eguesibarko udaletxean, Javier Esparza pozarren zegoen. Ez da gutxiagorako. Badaki gobernua lortzea gertuago duela. Gobernua osatzeko prozesuak bizirik segitzen du, baina Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak hobe lukete gertatutakoaren oharrak hartu, antzezlan honetan ez dezaten ergelaren rola jokatu. Eskuinari bidea errazten zaion bitartean, errudun gisa ez agertzera jokatzen ari baita PSN. Ekintzen bidez hitz egin du.
Udalen osaketa Nafarroan. ANALISIA
Ekintzen bidez hitz egin du PSNk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu