Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia

Ezkerraldea. Arrain saltegian laprast

Unai Rementeria hautagai jeltzalearen txio bat baliatu dute zenbait alderdik Ezkerraldeko egoera sozioekonomikoa kanpainaren erdigunean jartzeko.

Teresa Laespada, atzo, Sestaon, PSE-EEko beste zenbait hautagairekin. BERRIA.
gotzon hermosilla
2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Lasai antzean zihoan kanpaina Bizkaian, beharbada herrialde horretan ezusteko handirik aurreikusten ez delako, eta, bat-batean, dena aztoratu du Unai Rementeria EAJren ahaldungai nagusiak sare sozialetan hedatutako mezu batek. Andoni izeneko arrain saltzaile barakaldar batez ziharduen Rementeriak mezu horretan: 04:00etan altxatu, goiz osoan arrain dendan aritu, eta bazkalostean beste lan batean jarduten omen da, 22:00ak arte. «Ez da kexu, ez du laguntzarik eskatzen», zioen Rementeriak bere txioan. Eta Andoni delakoa Andoni Artizda. «Bizitzeko ari naiz», erantzun dio SER irrati katean Rementeriari. Kritikak leku guztietatik iritsi zaizkio hautagai jeltzaleari; bereziki, Ezkerraldean.

Udal eta foru hauteskundeetara aurkezten diren alderdiak ahalegin berezia egiten ari dira Ezkerraldean, eskualde horretan boto asko daudelako jokoan —175.000 inguru; bost bizkaitarretik batek han ematen du botoa—, eta krisiak, lan baldintza eskasek eta prekaritateak bereziki zigortutako aldea delako. Ezkerraldeko hautagaiek eta hauteskunde ekitaldiak bertan egin dituzten alderdiek hizpide izan dituzte Rementeriak adierazitakoak.

Bizkaiko Aldundiko buru izateko PSE-EEk aurkezten duen hautagaiak, Teresa Laespadak, Sestaon (Bizkaia) egin du agerraldia, eta «Bizkaiko sozialismoaren sorterri» den herritik kritikatu du Rementeriaren mezua, «prekaritatea eta lanaldi bikoitzak txalotu» egiten dituelakoan. «Nazionalistek ez dute enplegu duinik nahi; gu isilik egotea nahi dute, protestarik ez egitea, XIX. mendera itzultzea», esan du.

Laguntzen inguruan Rementeriak egindako aipamena ere ahotan hartu du Laespadak: «Zer arazo du EAJk horrekin?», galdetu du, eta gogorarazi du langileek «administrazioaren babesa eskatzeko» eskubidea dutela «bizi baldintzak duinak ez direnean».

Laespadak esan duenez, Bizkaiak zorra du Sestaorekin eta Ezkerraldearekin, «Ezkerraldeko langileei esker delako Bizkaia den bezalakoa». Hala ere, Laespadak uste du eskualdeko eta, orobat, Bizkaiko iragan industriala «ostentzeko» asmoa badagoela; «ez dugu gure iragana ezkutatu behar; lan egin behar dugu industriak pisu ekonomikoa berreskura dezan».

Laespadak gogora ekarri du Sestao dela langabezia tasarik altuena duen Bizkaiko herria; hala ere, esan du «harro» dagoela Bizkaiko Aldunditik —Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Saileko buru da Laespada— langabeziaren kontra egin duten lanaz: «6.000 herritarri lagundu diegu lan merkatuan sartzen».

Barakaldoko PSE-EEren alkategai Alfredo Retortillok ere ez du aukera galdu Rementeriaren hitzak kritikatzeko: «Jende horrek lan eta negozio baldintza duinak behar ditu», esan du. «04:30ean altxatzea eta pertsiana 22:00etan jaistea ez da eredu jasangarria».

Bi eredu

EH Bilduk ere Ezkerraldean izan du hauteskunde ekitaldia, Santurtzin, eta han Bea Ilardia ahaldungai nagusiak Rementeriaren adierazpenak baliatu ditu EAJren eredua eta EH Bilduk eskaintzen duena alderatzeko. «Guk proposatzen dugun Bizkaian langileek eskubideak dituzte, ez dira esklaboak; guk proposatzen dugun Bizkaiak langile guztien eskubideak eta pertsona guztien ongizatea bermatzen ditu», esan du.

Ilardiaren ustez, datozen hauteskundeetan «Rementeriaren prekaritatearen eredua edo EH Bilduk ordezkatzen duen Europa moderno eta aurreratuaren eredua» hautatu behar da.

EH Bilduren ahaldungai nagusiaren arabera, Bizkaiak «nahikoa baliabide» baditu Europako herrialderik aurreratuenen pare jartzeko. «Anbizio eta borondate politiko kontua da», erantsi du, «EH Bilduk baditu gogoa eta indarra aurrera egiteko pertsona guztien eskubide sozial eta ekonomikoak hobetzeko bidean».

EH Bilduren koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik ere parte hartu du Santurtziko ekitaldian, Miren Matanzas alkategaiarekin batera, eta koalizioak Ezkerraldeari ematen dion balioa nabarmendu du. «Ezkerraldea gabe ez dago Euskal Errepublika eraikitzerik», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.