Eredu ugari izan dira munduko gatazka politiko-armatuetan. Hona bake prozesu garrantzitsuenetako zenbait adibide:
Hegoafrika
Hegoafrikan apartheid erregimenetik demokraziara egindako prozesua eredugarritzat jotzen da. Bake prozesua 1990eko maiatzean hasi zen, apartheid-aren gobernuaren eta ANC alderdiaren artean. Horri bide emateko, Nelson Mandela eta beste hainbat preso kaleratu behar izan zituen gobernuak, eta ANCk, berriz, su-etena aldarrikatu zuen. 1991n, alderdien arteko elkarrizketak hasi ziren, eta apartheid-eko azken legeak indargabe gelditu ziren, baita nazioarteko zigorrak ere. 1994ko maiatzean, lehenengoz, arrazaren arabera bereizi gabeko hauteskundeak egin zituzten; ANCk irabazi, eta Mandela presidente izendatu zuten.
El Salvador
1992ko urtarrilaren 12an, hamabi urteko gerra zibilaren ondoren (75.000 hilako eta 8.000 desagertu), El Salvadorko Gobernuak eta FMLN erakunde politiko-militarrak bakea izenpetu zuten. Urtarrilean bertan, preso politiko guztiak aske geratu ziren, eta, ondoren, FMLN ere legeztatua izan zen. 1993ko otsailaren 15ean, azkeneko 1.700 gerrillariek armak eman zituzten, Erdialdeko Amerikako zenbait estatubururen eta NBEko idazkari nagusiaren aurrean. Polizia Nazional Zibila, Giza Eskubideen Prokuradoretza eta Hauteskundeetarako Auzitegi Gorena sortu ziren, eta NBEk Egiaren Batzordea sortu zuen, gerra zibileko gehiegikeriak aztertzeko.
Guatemala
1996ko abenduaren 29an sinatu zuten bake iraunkorrerako akordioa Guatemalako Gobernuak eta URNGko gerrillariek. Herrialdeko gerra zibila sortu zuten arazoei irtenbide baketsuak ematea jasotzen zuen akordio hark, eta 36 urte iraun zuen gerrari amaiera eman zitzaion. Nazio Batuen Erakundeak ere sustatu egin zuen hango bake prozesua, eta, ondorioz, URNG gerrillak armak utzi zituen 1996an. Urtebete geroago, URNGk legezko alderdi bilakatzeko prozesua hasi zuen. 1998an lortu zuen legezko alderdia izatea.
Ipar Irlanda
Luze joan zen IRA Irlandako Armada Errepublikanoa desarmatzeko prozesua. Berez, 1993ko abenduan hasi zen, Downing Streeteko Deklarazioarekin. 1997an eratu zen armagabetzea egiaztatzeko batzordea, eta, gorabehera handien ondoren, Ostiral Santuko Akordioa sinatu zuten Londresek eta Dublinek 1998ko apirilaren 10ean. 1999an iragarri zuen IRAk Irlanda Iparralderako Desarmatze Batzordearekin harremanetan jarriko zela. Lau etapatan egin zuten desarmatzea: 2001ean, 2002an, 2003an eta 2005ean, sekretupean. Gerry Adamsek 2005eko apirilean eskatu zion IRAri borroka armatua betiko uzteko, eta bere jarduna amaitutzat jo zuen IRAk uztailean. Ez zuten erakutsi armen suntsiketaren argazkirik.
Kolonbia
Ofizialki 2012an hasitako negoziazioen ondotik, iazko martxoan lortu zuten bake akordioa FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadak eta Kolonbiako Gobernuak. Urriko plebiszituan ezezkoa atera ostean, moldaketak egin, eta abenduan eman zion balekoa ordezkarien Ganberak bake itunari. Martxoan ekin zion FARCek armagabetzeari, eta, horiek NBEren esku utzita, ekainaren 1erako prozesua amaitzea espero dute. Amnistia Legea onartu du gobernuak, eta aurreikusi dute FARC legezko mugimendu politiko bilakatzea.
ZENBAIT EREDU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu