Gazte Euskaltzaleen Sarea aurkeztu dute, «belaunaldi oso bat borrokara batzeko»

Euskararen aldeko ekimena hartu nahi dute, eta, aldi berean, gazte ikuspegia txertatu hizkuntzaren aldeko borrokan

Tolosan aurkeztu dute Gazte Euskaltzaleen Sarea. Ondoren, lasterketara batu dira euren kilometroan. I. ZABALETA / FOKU.
Julen Aperribai.
Tolosa
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
«Euskararen aldeko borrokan gazte ikuspegia txertatu» eta «belaunaldi oso bat borroka horretara batu»; bi helburuak jarri ditu jomugan Gazte Euskaltzaleen Sareak, eta biak uztartu nahi ditu, Oihane Camon kidearen arabera. Tolosan aurkeztu dute egitasmoa, Korrikaren testuinguruan.

Gazte mugimenduetan euskararen bueltan aktibatuta dauden norbanakoen eta eragileen aterpe izan nahi du, dioenez. Eta bada zer aterpetu, Camonek dioenez. Adibidetzat jarri ditu NUPeko Euskara Taldea, Nafarroan zonifikazioaren aurka osatzen ari den «mugimendua» eta Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan euskaraz ikasteko eskubidearen alde mobilizatzen ari direnak.

Horiek guztiak eta beste hainbat batzen dituen haria euskaraz bizitzeko bokazioa da, Camonek azaldu duenez, eta horren aldeko borroka euren gain hartzeko prest daudela nabarmendu du: «Euskaraz biziko den belaunaldia izan nahi dugu, eta uste dugu belaunaldi moduan heldu behar diogula auzi horri».

Larritasunak ere batu ditu, «atzerakadak» ikusten baitituzte hainbat arlotan, hala nola motibazioan eta hizkuntzarekiko atxikimenduan. Halaber, hizkuntza gutxituen aurka aspaldian izandako «erasoen» aurka instituzioek behar besteko erantzunik ematen ez dutela uste du Camonek, eta horretan eragin behar dela, euskalgintzako beste eragileekin batera.

Herri gogoa egon badagoela dio, Korrika bera horren erakusletzat hartuta, baina beharrezkoa dela antolatzea, «mugiaraztea». Norabide horretan kokatu ditu Kontseiluak Iruñean deitutako manifestazioa eta zenbait euskaltzalek Donostian deitutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.